Boliviako behin-behineko presidente ohia atxilotu dute, «sedizioagatik»

Fiskaltzak «terrorismoa» ere leporatu dio Añezi, 2019an Morales boteretik kentzeko kolpean parte hartu zuelakoan. Agintari izandakoak «jazarpen politikoa» salatu du

Jeanine Añez atzoko ordu txikietan hartu zuten atxilo. Irudian, El Altoko (Bolivia) aireportu militarrera iristen. J. MAMANI / EFE.
ander perez zala
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Boliviako Poliziak Jeanine Añez herrialdeko behin-behineko presidente ohia atxilotu zuen atzo, 2019an Evo Morales estatuburu kargutik kentzeko kolpearekin zerikusia izan zuelakoan. Gertakari horrengatik, fiskaltzak «sedizioa, terrorismoa eta konspirazioa» leporatzen dizkio Añezi, baita haren gobernuan ministro izandako hiruri eta armadako eta Poliziako hamar bat kideri ere. Horietako batzuek herrialdetik ihes egin dutela uste dute egungo agintariek; ez, ordea, Rodrigo Guzman Energia ministro ohiak, hura ere atzo atzeman baitzuten.

Fiskaltzak herenegun gauean eman zuen atxilotze agindua, eta hori berehala gauzatu zen, atzoko ordu txikietan. Añezek beti defendatu du Bolivian ez zela estatu kolperik izan, eta, horregatik, kritiko agertu zen Moralesen alderdiaren aurka, haren aurkako agindua publiko egin zuten unean bertan: «Hasi da jazarpen politikoa. [MAS] Sozialismorako Mugimenduak diktaduraren moldeekin jokatzea erabaki du. Boliviak ez du diktadorerik behar, askatasuna eta irtenbideak baizik», idatzi zuen Twitter sare sozialean.

Atxilotzearen berri ematean, Ivan Lima Justizia ministroak zehaztapen bat egin zuen behin-behineko estatuburu ohiaren egoeraz: ikerketa baten emaitza dela atzo gertaturikoa, eta hori irekiarazi zuen salaketa Añez «senatari ohiaren» kontrakoa dela, ez «presidente ohiaren» kontrakoa. Hortaz, agintari izandakoak ez dio aurre egin beharko erantzukizun epaiketa bati; Bolivian modu horretan esaten diete gobernuko goi kargudunen kontrako prozesuei —konstituzioa edo legeak urratzeagatik eman ohi da pauso hori—.

Sergio Orellana jenerala da Poliziak atxilotu behar dituen beste norbanakoetako bat. Orellanak indar armatuen gidaritza hartu zuen Añez behin-behineko presidente bilakatu zenean, eta fiskaltzak hari egozten dio estatuburu ohiaren aurkako manifestazioetan Sacaba eta Senkata herrietan gutxienez 36 lagun hil izanaren ardura; heriotza horiek «gizateriaren kontrako krimenak» izan zirela salatu zuen Moralesek, bere herrialdeko egoera politikoak bultzatuta Argentinan zegoela.

Iazko urrian egin zituzten berriz presidentetzarako hauteskundeak, eta MASen hautagai Luis Arcek jaso zuen babes handiena, botoen %55 bilduta. Hala, Arcek lehen itzulian lortu zuen estatuburu kargua, eta Morales garaipen horren ostean itzuli zen Boliviara, hilabete geroago: «Egun garrantzitsua da nire bizitzan; pozez betetzen nau hainbeste maite dudan nire aberrira itzultzeak», esan zuen muga gurutzatzean.

Hori bai, presidente ohiak argi utzi zuen ez zela politikaren lehen lerrora itzuliko, eta hori agerian utzi zuen Arceren hauteskundeetako kanpainak, ez baitzioten erreferentziarik egin Moralesi. Presidente ohia gobernutik kanpo ere geratu da, eta ikusteko dago datozen urteetan zer norabide hartuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.