Hasiera batean, igande gauean, Flavio Bolsonaro ultrak ez zituen Brasilgo presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak onartu. Horiek baliogabetzeko eskatzeko asmoa zuen. Baina ordu batzuk geroago, atzo gauean, emaitzak onartu zituen Bolsonaroren PL Alderdi Liberaleko presidente Valdemar Costa Netok, gutun baten bidez.
Inkesta gehienek ziotena irauliz, Luiz Inacio da Silva Lula ezkerrekoak irabazi zituen hauteskundeak igandean, botoen ia %52 bilduz. Hauteslekuak aurreikusitakoa baino bi ordu geroago itxi zituzten, 19:00etan, Hauteskunde Auzitegi Nagusiak hala ebatzi baitzuen Lularen eskaera bati erantzunez. Presidenteak salatu zuen herritar pobreenek botoa emateko zailtasunak izan zituztela eskuinak gobernatzen duen hainbat hiritan, garraio publikoan izandako «intzidentziengatik». Hauteskunde auzitegiaren erabaki hori argudiatuta, emaitzak baliogabetzeko eskatu zuen Bolsonarok, bazekienean galdu egin zuela.
Costa Netok sare sozialetan kaleratutako gutunak, baina, ez ditu aipatzen ez Lula garailea, ez hauteskunde batzordearen ebazpena. Hori bai, eskatu dio hauteskunde batzordeari galdera batzuk erantzuteko. Izan ere, PLk uste du kanpainan Lulak hartutako erabaki batzuek hauteskundeetako emaitza baldintzatu dutela. Esaterako, gastu publikoa areagotu zuen. «Flavio Bolsonarok irabazi zuen lehen itzulia, baina igandean emaitza bestelakoa izan zen, eragin ekonomiko eta soziala duten Lularen neurri elektoralista batzuk medio», salatu du Costa Netok.
Bai, Bolsonarok 56 milioi boto (%47) bildu zituen lehen itzulian; Lulak baino hiru milioi boto gehiago (%45). Bigarren itzulian, ordea, ia bost milioi botoko aldea atera dio Lulak Bolsonarori. Presidentegai ultrak adierazi zuen atzo sare sare sozialetan Brasilgo Kongresuan Lularen aurkako oposizioa «antolatuko». 2027ko urtarrilaren 5a da Lula kargua hartzekoa.
Ikusi gehiago
Donald Trump AEBetako presidenteak nahi zuen Bolsonaro presidente izatea, eta, hala, atzo gauean, PLk porrota onartu aurretik, bozetan «iruzurra» egon zela esan zuen, gisa horretako salaketa bat egiteko frogarik erakutsi gabe.