Boluartek elkarrizketa eskaini die haren aurkako herritarrei

Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu du, «aldeen artean hitz egiteko eta beharrei erantzuteko»

2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
LIMA. Peruko milaka herritarrek berriz ekin diete aste honetan Latinoamerikako herrialde horretako gobernuaren aurkako mobilizazioei, Liman eta beste hiri batzuetan. Iazko abenduaren 7an Pedro Castillo presidente ohia atxilotu zutenetik, manifestariek eskatzen dute Dina Boluarte egungo estatuburuak kargua utz dezala, Kongresua itxi eta batzorde konstituziogile bat eratu dezatela, eta presidenteak hauteskunde orokorretara deitu dezala. Bada, azken bi manifestazioen ostean, Peruko presidenteak agenda sozial bat planteatu zuen herenegun, eta elkarrizketarako gonbita egin zien bezperan kalera atera ziren herritarrei, «aldeen artean hitz egiteko eta herrialdearen beharrei erantzuteko».

Gobernu Jauregian egin zuen agerraldia Boluartek, herenegun: «Aldeen artean dauden distantziak eta iritziak gorabehera, elkarri entzun ahal diogu. Elkarrizketa zintzoaren bitartez adostasun onak lor ditzakegu».

Halere, azken mobilizazioetara deitu duten zenbait eragilek ez dute begi onez hartu presidenteak eginiko proposamena; Borrokarako Talde Nazional Unitarioarentzat, esaterako, elkarrizketarako eginiko gonbita «atzerapen maniobra bat da, eta hori ez da zintzoa», Efe berri agentziari adierazi zionez. «Ez dugu ezer baztertu behar, maniobra hutsa baita», gaineratu zuen Herrien Biltzar Nazionaleko Batzorde Teknikoko (ANP) kide batek. Beste batzuk, berriz, are gogorrago mintzatu ziren presidentearen aurka: «Hiltzaile batekin ezin dugu hitz egin», esan zion Puno eskualdeko ekintzaile Maruja Inquillak Eferi, eta Boluarteri exijitu zion kargua utz dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.