Bonba abisu faltsuak ez dira eten Europako hegaldietan. Abisu faltsu horiek argi gorria piztu dute gaur ere hainbat hegazkinetan eta aireportutan. Gutxienez, hamazazpi hegaldik jaso dute abisua gaur. Astebetean laugarren aldiz gertatu da jada, eta ikerketa bat abiarazi dute Europa osoan eragina duten mehatxu horien jatorria zehazteko.
Danimarkan, Frantzian, Espainian, Italian eta Irlandan gorabeherak izan dira hegaldiekin. Baina hegazkin horiek lur hartu ostean ikerketak egin dituzte, eta tokian tokiko agintariek baieztatu dute mehatxu faltsuak zirela, aurreko egunetan bezalaxe.
Atzo Bulgariak egin bezala, Errumaniako eta Hungariako aireko armadek gerra hegazkinak aireratu dituzte gaur, hegazkin zibilak eskoltatzeko. Eta hainbat herrialdetako aireportuetan Polizia izan da, bonba mehatxuak jaso ostean. Hala ere, ez dute ezer aurkitu, eta aireportu askok, gainera, uko egin diote mehatxuen gaineko xehetasunak emateari.
Irlandako Errepublikako Gobernuak, esaterako, RTE irrati eta telebista publikoaren eraikina hustu behar izan du gaur, bonba mehatxu bat jaso ostean. Hori dela eta, gobernuak ohar baten bidez adierazi du balitekeela hegazkinen eta komunikabideen aurkako mehatxu faltsuen olatua «ezegonkortze kanpaina koordinatu baten parte» izatea. Hala ere, adierazi du ez dakitela nor egon daitekeen horren atzean, eta ez dakitela pertsona talde bat edo operazio jakin bat ote den.
Antzeko zerbait esan dute Espainiako eta Italiako gobernuek ere. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak adierazi du mehatxuak «kezkatzeko modukoak» direla: «Ikertzaileak lanean ari dira. Gaur egun ezin dugu esan hegazkinetako bonba mehatxu faltsuek eta azken egunetako elikagaien aurkako erasoek lotura daukatenik, baina ziurrena da ondorio bera ateratzea». Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak, berriz, TVE Espainiako telebista kate publikoari esan dio ez dela «kasualitatea» halako hainbat kasu izatea aste berean, eta denetan modus operandi bera erabiltzea. «Eraso hibrido eta gerra psikologikoa egiteko saiakera bat da».
Azken orduetan zabaldu da Errusiako eskuin muturreko talde batek bere gain hartu zituela atzo Europako hegaldietan izandako mehatxu faltsuetako batzuk. Baina talde horrek gaur BBC hedabideari esan dio ez daukala zerikusirik mehatxu horiekin.
Asteartean, zazpi hegazkin miatu zituzten bonba mehatxuak zirela eta: bina Erroman, Varsovian eta Sofian, eta bat Murtzian (Espainia). Atzo, berriz, luzeagoa izan zen mehatxuak jasan zituzten herrialdeen zerrenda —herrialde horietatik aireratu ziren edo herrialde horietan lur hartu behar zuten hegazkinek—: Belgika, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Espainia, Finlandia, Grezia, Irlanda, Italia, Polonia, Portugal eta Txekia.