Bonba bat Tel Aviven, Defentsa Ministerio ondoan

Autobus batean jarritako bonbak 23 zauritu eragin ditu, hiriko eremu zainduenetako batean

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazan su-eten deialdiak misil jaurtiketekin tartekatzen ziren bitartean, autobus batek eztanda egin zuen atzo goizean Tel Aviven, non eta Kyriako gune militarraren atzealdean. Leku hori hiriko zainduenetako bat da, bertan baitago Israelgo Defentsa Ministerioaren egoitza nagusia. «Misil jaurtiketa mehatxuaz gain, bagenekien hiri handietan atentatuak izan zitezkeela, halakoak egiteko gogoa eta ahala badagoelako», adierazi zuen Yohanan Danino poliziaburuak.

Hasieratik, nahasmena izan zen nagusi. Hedabide gehienen arabera, pertsona bat edo bi autobusera atzeko atetik sartu eta lehergailu txiki bat bota zuten barruan. Segidan, lasterka egin ei zuten ihes. Tel Aviv ondoko Ramat Ganen pertsona bat atxilotu zutela zabaldu zen handik gutxira, baina ez zuten zehaztu atentatuaren egiletza egozten ote zioten ala ez.

Ichilov ospitaleak, berriz, jakinarazi zuen 21 zauritu artatu zituela. Horietako hiruk zauri ez oso larriak zituzten, sei etxera bidali zituzten berehala, eta gainerakoak antsietateak jota zeuden. Beste iturri batzuek hiru zauritu larri zeudela zabaldu zuten.

Berehala hasi ziren nazioarteko gaitzespen mezuak. AEBak, Alemania, Errusia, Erresuma Batua... Hamaseko Sami Abu Zuhrik, eztandaren berri jakitean, «Gazako zibil hilketei emandako erantzun naturala» iruditzen zitzaiola esan zion Reuters agentziari. Israelgo Jerusalem Post egunkariaren arabera, Al-Aksako Martirien Brigadek aldarrikatu zuten ekintza.

Tel Aviveko leherketa gertatu eta berehala, misil zaparrada heldu zen Gazara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.