Herenegun gertatu bezala, bonba mehatxuek hainbat hegaldi komertziali eragin diete gaur Europan, eta gutxi batzuk helmugara heldu baino lehen lurreratu behar izan dituzte; Erresuma Batuko The Guardian egunkariak egindako zenbaketaren arabera, dagoeneko hamabost hegaldiri eragin diete mehatxuek, eta horietako hiru desbideratu dituzte. Dena den, hegazkin horiek lur hartu eta aztertu ostean, egoeraren berri eman duten tokian tokiko agintariek baieztatu dute faltsuak direla mehatxu horiek.
EB Europako Batasuneko Garraio Jasangarrirako eta Turismorako komisario Apostolos Tzitzikostasek ohar bidez gaur adierazi du «goizegi» dela esateko bonben abisuek zerikusirik ote duten elkarrekin, eta oraindik ezin direla ondorioak atera. Nabarmendu du «herritarren segurasuna bermatzea» dela lehentasuna, eta herrialde bakoitzeko agintariei eskatu die elkarlanean aritu daitezela aireportuak kudeatzen dituzten taldeekin, aire konpainiekin eta segurtasun indarrekin.
Belgika, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua, Errumania, Espainia, Finlandia, Grezia, Irlanda, Italia, Polonia, Portugal eta Txekia. Hain zuzen, herrialde horietatik aireratu diren edo lur hartu behar zuten hegazkinei eragin diete mehatxuek. Bada, Dublindik Erromarantz zihoan hegaldia Evreuxeko (Frantzia) base militarrean lurreratu dute; Milandik (Italia) Varsoviara zihoan bat, Vienan; eta Londrestik Sofiarantz zihoan bat, Plovdiven (Bulgaria).
Bulgariako aireko armadak gerra hegazkinak aireratu ditu goizean, «hegazkin zibilak atzeman eta eskoltatzeko», hainbat hedabidek jaso dutenez. Herrialde horretara zihoazen hiru hegaldik lur hartu behar izan dute bonba mehatxuen harira; Londrestik atera denak Plovdiven amaitu du hegaldia, eta Madriletik eta Kopenhagetik atera diren hegaldi bana Sofian, aurreikusitako helmugan.
Erromako Fiumicino aireportuko bozeramaile batek BBC hedabideari adierazi dionez, Helsinkitik Italiako hiribururantz abiatu den hegazkina helmugara iritsi da goizean, herrialdeko aire armadako gerra hegazkinek eskoltatuta. Poliziak ibilgailua miatu du, eta ez dute bonbarik topatu. Bozeramaile horrek erantsi du hegaldi horrek ez diela eragin gainontzekoei. Dublindik atera den hegazkin bat ere mehatxupean egon da.
Gainera, Italiako Ansa albiste agentziak Poliziaren iturriak aipatuz kaleratu duenez, Fiumicinoko aireportua kudeatzen duen ADR konpainiak italieraz idatzitako posta elektroniko bat jaso du goizean; gaian «mehatxu abisua» zioen.
The Guardian egunkariak eguerdian jakinarazi duenez, zenbait hegazkin Varsoviako Okecie aireportu inguruan dabiltza bueltaka, noiz lurreratuko; horietako hiru Dusseldorfetik (Alemania), Stocholmetik eta Torontotik (Kanada) ateratakoak dira, eta Krakoviara zihoazen, Poloniako hiri handienen artean bigarrenera.
Asteartean, zazpi hegazkin miatu zituzten bonba mehatxuengatik: bina Erroman, Varsovian eta Sofian, eta bat Murtzian (Espainia); ez zuten lehergailurik aurkitu. Hegaldi horietako bi Erresuma Batutik abiatu ziren, eta herrialde horretako gobernuak salatu zuen «asmo txarreko mehatxu faltsuak» zirela, eta badituztela «edozein mehatxuri» aurre egiteko «behar bezala frogatutako prozedurak».