Erresuma Batua

Boris Johnsonek hiru asterako itxialdia agindu du azkenean

Oinarrizko beharrak erosteko edo lanera joateko soilik atera ahal izango dira herritarrak kalera.

Tower Bridge zubia, gaur goizean. ANDY RAIN / EFE
2020ko martxoaren 23a
23:51
Entzun

Aurretik Espainiako eta Frantziako agintariek egin bezala, azkenean Erresuma Batuko Gobernuak ere konfinatzeko agindu die bere herritarrei, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko. Poliziari agindu dio zorrotz betearazteko agindua. Janari edo botikak erostera edo kirola egitera (bakarka) atera ahalko dira herritarrak, baita lanera joateko ere, etxetik ezin badute beren lana egin.

Konfinamenduak zer esan nahi duen azaldu die Johnsonek, iluntzean egin duen agerraldian: «Ez zenuke zure lagunekin gelditu beharko. Zure lagunek esaten badizute gelditzeko, 'Ez' erantzun behar zenieke. Ez zenuke joan behar zure etxean bizi ez diren senideengana. Ez zenuke joan behar erosketak egitera, janaria edo botika eta horrelako ezinbestekoak ez badira; eta hori ere, ahalik eta gutxiena egin beharko zenuke».

Presioak izan ditu Johnsonek. Neurri zorrotzik ez hartzeko eta koronabirusa pasatzen uzteko asmoa agertu zuen duela pare bat aste. Baina toryen eta laboristen presioak jaso ditu. Gaur zorrotz eta konbentzitua agertu nahi izan du: «Borroka honetan egon behar du gutako bakoitza eta guztiok zuzenean errekrutatuta gaudela jakinik».

Izan ere, Italiako hedapen patroi antzekoa izaten ari da gaitzaren hedapena, baina bi asteko atzerapenarekin. Dagoeneko 335 pertsona hil dira. Toryei aurpegiratu izan diete Erresuma Batuko osasun sistemari murrizketa handiak egin dizkiotela azkeneko urteotan. Horri buruz zuzenean hitz egin gabe, kezka agertu du Johnsonek gaur: «Birus honen gailurra geldiarazteko ahalegin nazional handi bat egiten ez badugu, ez da izango munduan osasun sistemarik hari aurre egin ahal izango dionik».

Joan den ostiralean, jatetxeak, gimnasioak, pubak, zinemak eta gisa horretakoak ixteko agindu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Ez zen aski izan. Orain, neurri zorrotzagok hartu ditu Erresuma Batuak, egoerak behartuta. Rishi Sunak Ogasun ministroak adierazi du laguntzak izango direla lanpostua galduko duten langileentzat; gobernuak ordainduko dizkie soldaten %80.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi du ezinbestekoak ez diren denda guztiak itxi egin beharko liratekeela, eta prest agertu da urruntze soziala indartzeko neurri gogorragoak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.