PKK-k borroka armatua utzi du, eta desegitea erabaki

Gerrilla kurduak bere 12. kongresuan hartu du erabakia. Abdullah Ocalan buruzagiak armak uzteko eskatu eta bi hilabete pasara eman du pausoa. Erdoganen arabera, «beste garai bat» ekarriko du urrats horrek.

Kurdistango Langileen Alderdiak 12. kongresua egin zuen maiatzaren 5ean, 6an eta 7an. Horko une une bat. ANF
Kurdistango Langileen Alderdiak 12. kongresua egin zuen maiatzaren 5ean, 6an eta 7an. Horko une une bat. ANF
Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor
2025eko maiatzaren 12a
09:06
Entzun 00:00:0000:00:00

PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduak gaur goizean iragarri du bertan behera utziko duela borroka armatua eta desegin egingo dela. 12. kongresuan hartu zuen gerrillak erabakia, maiatzaren 5ean, 6an eta 7an, eta gaur jakinarazi du. Turkiako eta Kurdistango hedabideek kaleratutako ohar batean adierazi dutenez, azken asteetan hildako bi buruzagi ere izan zituen gogoan batzarrean: Ali Haydar Kaytan eta Rıza Altun Abdullah.

Martxo hasieran iragarri zuen PKK-k su etena. Ordu hartan gerrillak jakinarazi zuen «prozesu historiko berri bat» hasi zela Kurdistanen eta Ekialde Hurbilean, eta borrokak sortu zituela horretarako baldintzak: «PKKren borrokak jendeari eman dio boterea orain borroka politikoan jarraitzeko». Hildako milizianoak gogoan hartu zituzten adierazpenean. Otsail amaieran, Abdullah Ocalan gerrillaren sortzaile eta liderrak armak uzteko eskatu zuen, Imraliko espetxetik egindako agerraldi batean —1999tik dago bertan buruzagi kurdua—.

Ocalanek eta Turkiako Gobernuak joan den urte amaieran abiatu zituzten azkenengoz negoziazioak; MHP Turkiako Mugimendu Nazionalistaren Alderdiko buru Devlet Bahcelik eman zuen horren berri —Recep Tayyip Erdogan Turkiako gobernuburuaren eta estatuburuaren AKP Justizia eta Garapena Alderdia babesten du—. Ocalani Turkiako Parlamentura joateko gonbita egin zion, han formalki PKK-k armak utziko zituela iragarri zezan. Are, Bahcelik atea ireki zion Ocalani mesede egingo liokeen lege prozedura bat abiatzeari; hark bizi osoko kartzela zigorra baztertzen zuen, eta espetxe zigorra 25 urtera mugatu. PKK-ko buruak 26 urte daramatza preso.

Eta AKPren iritziz, gerrillaren hautua «pauso garrantzitsu bat» da «terrorismorik gabeko» Turkia bati begira. Erdoganek adierazi du «beste garai bat» ekarriko duela PKK-k borroka armatua utzi izanak: «Erabakia garrantzitsua da gure herrialdearen segurtasunari, gure eskualdearen egonkortasunari eta gure nazioaren betiereko senidetasunari eusteko». Prozesuari «gertutik» erreparatuko diola esan du, eta erabaki «historiko» horrek gerrillaren «adar guztiei» eragin beharko liekeela deritzo, «bereziki Irak iparraldean, Sirian eta Europan».

Cemil Bayik AKP alderdiaren bozeramaileak sare sozialetan esan du PPKren iragarpena «praktikara» eraman behar dela, eta «dimentsio guztietan» izan behar duela gauzatua: «adar guztiek desegin behar dute, nola herrialde barruan hala kanpoan». Ez du izenik eman, baina azken kasu horretan interpreta daiteke SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioko YPG (Herriaren Babes Unitateak) milizia kurduaz ari zela. Antzera mintzatu da presidentearen bozeramaile Fahrettin Altun, eta sare sozialetan azaldu duenez, «prozesuetan aurrerapausoak emateko» neurriak hartzen ari dira aldeak. Ankara azken asteetan adierazten ari da desegitea eta armak entregatzea ez dela nahikoa, eta Hakan Fidan Atzerri ministroak joan den larunbatean esan zuen, adibidez, «legez kanpoko azpiegiturek eta inteligentziakoek» bertan behera geratu behar dutela.

Ocalanek eskaera egin eta bi hilabete pasa geroago heldu da, beraz, gerrillaren erabakia. Komunikatuan nabarmendu dutenez, Ocalanek berak zuzenduko du «desegite prozesua». PKK-k 1984an ekin zion Turkiaren kontrako borroka armatuari, eta azkeneko berrogei urteetan 45.000 hildako inguru eragin ditu gatazkak.

Hain zuzen, gerrillak gaur adierazi du «saihetsezina» dela kurduen eta turkiarren arteko harremanak «berrantolatzea», aintzat hartuta zer ari den gertatzen Ekialde Hurbilean, «Hirugarren Mundu Gerrarekin lotuta». Iruditzen zaio, bide batez, hartutako erabakiak «oinarri sendo bat» ezartzen duela «bake iraunkorrerako», irtenbidea «demokratikoa» izan dadin. Eta aktore politikoak parte hartzera deitu ditu: «Fase honetan inportantea da Turkiako Asanblea Nazionalak ardura historikoarekin jokatzea dagokion rola. Era berean, ordezkaritza parlamentarioa duten alderdiak, eta, bereziki, gobernua eta oposizioko alderdi nagusia, deitu nahi ditugu bake prozesuan parte hartzera».

«Mugarri bat»

DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiak zortzi puntuko ohar bat kaleratu du PPKren erabakiari buruz aritzeko, eta azpimarratu «mugarri historiko bat» dela gerrillak egindako urratsa. «50 urtetik gora gatazkan egon ondoren, pauso bat eman dugu bakearen zerumugarantz». Kurduen aldeko alderdi horrek —Asanblea Nazionalak 600 aulki ditu, eta DEMek, 56 parlamentari— adierazi du «errespetuz» gogoratzen dituela gatazkan hildakoak, eta argitu aurrerantzean «politika» egin behar dela.

Uste du «beste kapitulu bat» hasi dela, eta irtenbideak «demokratikoa» izan behar duela. Bai parlamentuari bai gobernuari arduraz jokatzeko eskatu die, eta nabarmendu gaurkoa «hasiera bat dela», ez «ezeren amaiera».

Ocalanek 1978an sortu zuen ofizialki PKK, nazionalismo kurdua eta sozialismoa ardatz hartuta. Hasieran estatu independente bat zuen helburu, baina gaur egun, berriz, kurduek autonomia handiagoa eduki ahal izatea eta aitortuak izatea. Bai Turkiak, bai EB Europako Batasunak, bai AEBek «talde terroristatzat» dute gerrilla.

Estaturik gabeko munduko nazio handiena da Kurdistan. Turkia (30 milioi), Iran (14 milioi), Irak (zazpi milioi) eta Siria (bi milioi) artean 53 milioi kurdu inguru bizi dira. Hain zuzen, Irakeko Kurdistango Administrazio Autonomoko lehen ministro Nechirvan Barzanik azpimarratu du gaur PKKren erabakiak sustatuko dituela «bizikidetza eta egonkortasuna», bai Turkian, baita Ekialde Hurbilean ere. Komunikatu batean azaldu duenez, «erabakigarria» da gerrillaren hautua, eta ekarriko du eskualdean «aro berri bat» hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.