Dominique Pelicoten aurkako epaia iazko abenduan amaitu zen, eta Avignongo Zigor Auzitegiak (Okzitania) ezar zezakeen zigorrik luzeena ezarri zion: hogei urteko espetxealdia. 2011tik 2020ra Gisele Pelicot emaztea konortea galdu arte drogatzeagatik, eta Internet bidez gizon batzuekin harremanetan jarri eta emaztea bortxatzera eramateagatik zigortu zuten Dominique Pelicot. Emazteak itxitzat jo zuen kasua, baina Pelicoten alabak auzitegietara jo du gaur. Bortxaketa leporatuta salatu du aita, Dominique Pelicot.
Gisele Pelicoten kasua nabarmen zabaldu zen poliziak haren senarraren —egun, senar ohia— ordenagailua miatu eta bertan 50 gizon baino gehiagok emaztea bortxatu zuteneko irudiak topatu zituztenean. Ikerketak Gisele Pelicoten auzia izan zuen jomugan, eta irudietan agertzen ziren 50 gizon ere zigortu dituzte. Irudietan, ordea, ez zen soilik emaztea ageri: Caroline Darian alaba ere agertzen zen, erdi biluzik eta, itxuraz, sumisio kimikoaren menpe. Hori dela eta, auzitegietara jotzea erabaki du Darianek, uste baitu aitak bera ere bortxatu zuela.
Iazko auziak harrabotsa eragin zuen mundu osoan, eta Gisele Pelicoten aldarriek mundu osoan eman zuten zeresan: «Ez dugu guk lotsatu behar, haiek baizik. Gizarte hau aldatzeko nahia eta erabakia adierazi nahi ditut». Alabak, baina, uste du amaren kasuak hainbesteko oihartzuna izateak kalte egin ziola. Dominique Pelicotek adierazi zuen alaba ez zuela «inoiz ukitu», eta Darianen argazkiak «beste norbaitek» egin zituela. Darianek, ordea, uste du bere aitak gezurra esan zuela epaiketan.