Larunbateko presidentetzarako hauteskundeen lehen emaitzak jakitera eman eta berehala, protestak piztu ziren Nigeria iparraldean. Goodluck Jonathan egungo presidenteak irabazi ditu bozak, eta horrek haserrea eragin du herritarren hainbat sektoretan. Nigeriako egunkari baten arabera, 121 dira, gutxienez, liskarretan hildakoak.
Jonathanen Alderdi Demokratiko Popularraren aldekoei makilekin eta aihotzekin eraso egin diete hainbat lekutan. Erasotzaileak batik bat gazteak direla jakinarazi dute. Liskarrek ehunka zauritu ere eragin dituzte. Horretaz gain, 15.000 pertsona inguruk etxea atzean utzita ihes egin behar izan dutela adierazi duLeadership egunkariak. Jonathanek atsekabea adierazi du gertakari horien ondotik, eta bortizkeria amaitzeko exijitu die erantzuleei.
Muhamad Buhari oposizioko liderrak salatu du iruzurra izan dela hegoaldeko zenbait herritako botoen zenbaketan. Izan ere, hegoaldean, bozen %60 eta %90 bitartean Jonathanen aldekoak izan dira. Hori horrela, Buharik helegitea aurkezteko eskaera bidali dio Hauteskunde Batzorde Independenteari. Dena den, protestak eteteko eskatu die jarraitzaileei, eta indarkeria gaitzetsi du. Gatazka politikoa soilik dela azpimarratu du Buharik, eta arazo etniko, erlijioso ala eskualdekoa bilakatzea saihestu behar dela dio.
Poliziak ehunka lagun atxilotu ditu iparraldean azken egunotan. Kano eta Kaduna hirietan jazo dira liskar larrienak. Dena den, egunek aurrera egin ahala bortizkeria baretuz doala adierazi dute herrialdeko segurtasun indarrek. Oraindik, baina, etxeratze aginduak indarrean jarraitzen du eskualde gehienetan.
Urteetako «garbienak»
Iragan larunbateko hauteskundeak Nigerian urteetan egin diren «garbienak» izan direla azpimarratu dute nazioarteko ikuskatzaileek. Izan ere, hauteskunde egunean normaltasuna izan zen nagusi, liskar bakan batzuk salbu.
Bozen osteko liskarretan ehundik gora lagun hil dira Nigerian
Muhamadu Buhari oposizioko buruak iruzurra salatu du, eta jarraitzaileei lasaitasuna eskatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu