Bozetarako bidea oztopatu diote Erdoganen kontrario nagusiari

Ekrem Imamoglu Istanbulgo alkate eta Turkiako presidentearen aurkari handienak urtebete darama kartzelan. Salatu dute haren aurkako auzia politizatua dagoela.

Ekrem Imamoglu aske utz dezatela eskatzeko protesta bat Istanbulen, urtarrilaren 15ean. ERDEM SAHIN / EFE
Ekrem Imamoglu aske utz dezatela eskatzeko protesta bat Istanbulen, urtarrilaren 15ean. ERDEM SAHIN / EFE
Istanbul
2026ko apirilaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aldaketa haizea altxatu zen Turkian 2024ko martxoaren hondarrean; izan ere, tokiko hauteskundeak egin zituzten ordu hartan, eta jendeak Recep Tayyip Erdogan presidentearen eta oposizioko alderdi nagusiaren, hau da, CHP sozialdemokrataren arteko sokatira politikotzat hartu zituen. Baziren hogei urte Erdogan guztiz nagusi zela, eta, epe horretan lehenbiziko aldiz, CHP gailendu zen Turkiako hiri nagusietan; bertzeak bertze, tradizioz kontserbadoreak izandako zenbait probintziatako hiriburuetan.

Bada, garaipen erabateko hura, nolabait, 2028an egin asmo dituzten presidentetzarako bozen atarikotzat jo zuten —Erdoganek aukera izanen du berriz aurkezteko, nahiz eta ordurako bi agintaldi eginak izanen dituen estatuburu gisa—, eta inkesten emaitzek ere erakutsi zuten joerak aldatzen ari zirela, Ekrem Imamoglu Istanbulgo alkate eta CHPko kidea ageri baitzen lehenbiziko postuan, Erdoganen aitzinetik.

Nolanahi ere, hori guzia ezerezean gelditu zen iazko martxoaren 19an, Imamoglu atxilo hartu baitzuten, haren etxean polizia sarekada bat eginda. Agintariek, gainera, eremu publikoan zuen presentzia ezabatu zuten poliki-poliki: kargutik kendu zuten, haren sare sozialetako kontuak blokeatu, eta haren izena zeramaten kartelak Istanbulgo karrika eta eraikinetatik kendu.

Imamogluren atxiloketak, baina, Turkian azken hamar urteotan izandako protestarik handienak piztu zituen gobernuaren kontra, milaka lagun atera baitziren karrikara hiri nagusietan. Poliziak atxilotu zuen egunean berean, CHPko presidentetzarako hautagai izendatu zuten Istanbulgo alkate ohia, eta erreferendum sinboliko bat egin: jende guziari eman zioten parte hartzeko aukera, eta hamabortz milioi lagunek bat egin zuten deialdiarekin, alkate atxilotuari babesa agertzeko: «Gizartearen sektore zabal baten iritziz, zigor auzi horrek motibazio politikoak ditu», adierazi du Yasar Aydin SWP Nazioarteko eta Segurtasuneko Gaietarako Alemaniako Institutuko ikertzaileak, alkatearen babesa hizpide hartuta.

CHPko buruak, Ozgur Ozelek, modua egin zuen karrikako babes adierazpen horiek iraun zezaten, nahiz eta Poliziak jendea hagitz estu hartu mobilizazioak eteteko; hain zuzen, 2.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten denera, tartean unibertsitateko dozenaka ikasle, adin nagusitasunera ailegatu berriak eta alternatiba politiko eta ekonomikorik ez zegoelako protestan hasiak. Gobernuari kritikak egin ondoan, Ozel bera ere auzipetu zuten, eta atxilo hartuak dituzte haren alderdiko laurehun kide baino gehiago, hala nola hamasei alkate —azkenekoa asteartean, Bursa hirikoa—, baina baita Imamogluren erranetara aritzen ziren zenbait funtzionario garrantzitsu ere, eta, preseski, funtzionario horiek beren postuan ez egoteak zaildu egiten du Istanbul kudeatzea, hiri izugarri handia baita, hamazazpi milioi biztanlekoa. «Erdogan auzitegiez baliatzen ari da lehiakidea paretik kentzeko. Horrek ondorioak izanen ditu», ohartarazi zuen Ozelek, Turkiako zenbait hedabideren aitzinean agerraldi bat egin zuenean.

Oposizioko buruaren arabera, Erdoganek heldu den urtera aitzinatuko ditu presidentetzarako bozak, horrela modua izanen baitu lege hutsune bat aprobetxatu eta hautagai izateko. Horrez gain, eta nahiz eta ehunka alderdikide atxilotuak egon, Ozelek erran zuen bere alderdia oraindik ere prest dagoela hauteskundeetako lehiarako, eta zalantzarik ez du Imamoglu izanen dutela hautagai. Boz horien harira, honela mintzatu zen: «Hurrengo hauteskunde orokorrak erreferendum bat izanen dira, erabaki beharko baita demokratek ala autokratek aginduko duten». Are, adierazi zuen irabazten baldin badute «demokrazia hagitz sendo bat» ezarriko dela Turkian.

«Gizartearen sektore zabal baten iritziz, zigor auzi horrek motibazio politikoak ditu»

YASAR AYDIN SWP Nazioarteko eta Segurtasuneko Gaietarako Alemaniako Institutuko ikertzailea

Aditu anitzen ustez, ordea, Imamoglu ez da presidentetzarako hautagai izaten ahalko kargu guziez absolbitzen badute ere. Izan ere, epaitegi batek unibertsitateko titulua kendu zion preso sartu baino egun bat lehenago, eta konstituzioan zehazten da halako titulu bat izatea beharrezkoa dela hauteskundeetara aurkezteko. «Imamogluri titulua kentzearen ondorioz, ikasle anitz atera ziren karrikara, baita ordu arte inoiz manifestazio batean parte hartu gabeak ziren batzuk ere. Are, batzuek beren diploma urratu zuten, protesta gisa»; halaxe kontatu du mobilizazioetan parte hartu zuen gazte batek, eta zera gehitu: «Galdera bat piztu zitzaigun orduan: ‘Istanbulgo alkateak berak ere ezin badu bere titulua babestu, zertarako ari gara ikasten?’».

Auzia, «absurdoa»

Urtebeteren buruan, milaka lagun atera ziren karrikara berriz ere, Erdoganen lehiakide politiko nagusia atxilotu izanaren aurka protesta egitera. Alabaina, Imamogluren epaiketako lehenbiziko ikustaldiak egiten ari diren honetan, oposizioko liderraren aldeko babesa apaldu egin da karrikan, zailtasunak izan baitituzte hainbat hilabetez ekintzak egin eta egin aritzeko eremu publikoetan. AI Amnesty Internationalek, bertzalde, adierazi du Imamogluren aurkako auzia «absurdoa» dela, eta eskatu bertan behera utz ditzatela lider politiko horren kontrako akusazioak. Horren harira, hau bildu dute AIren azken txostenean: «Turkiako sistema judiziala modu kezkagarrian instrumentalizatu duten erakusgarri da epaiketa masibo hau, erakusgarri guzietan muturrekoena: sistemaren independentzia arrunt desagerrarazi dute ia. Turkiako agintariek fartsa judizial hori amaiarazi behar dute, eta bai zuzenbide estatua bai herrialdeko biztanle guzien giza eskubideak defendatu».

Zailtasunak zailtasun, hainbat gaztek erakutsi zituzten alkatearentzat justizia eskatzen zuten kartelak karrikan, baita herrialdean demokrazia ezartzearen aldekoak ere. Dilek Imamoglu, alkate ohiaren emaztea, honela mintzatu zitzaion Istanbulen bildutako jendaldeari, txalo artean: «Goizero ohatzetik jaikiarazten nauena ez da beldurra, ezta gorrotoa ere. Badakit arrazoi dugula, herrialde honetan Ekrem Imamogluren alde egitea ez dela alferrikakoa izanen, eta horrexek ematen dit indarra, horri esker eusten diot zutik; arrazoi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA