Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo erabaki zuen Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegiteak tramiterako onartzea eta, horrela, baliorik gabe uztea Kataluniako Gobernuak azaroaren 9ko galdeketara deitzeko eginiko dekretua nahiz Kataluniako Kontsulta Legea behin-behinean. Hori ikusirik, independentziaren aldeko Ara es l'hora kanpaina aurreratzea erabaki dute ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek. 19:00etatik, abian da:
ARA ÉS L'HORA: En aquests moments comença oficialment la campanya pel SÍ! Ara és l'hora! Fem un país nou! #SíoSípic.twitter.com/FR0XzuvGYZ
— Ara és l'hora! (@Araeslhora) September 30, 2014
Elkarretaratzeak egin dituzte ordu horretan Kataluniako udaletxe guztien aurrean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontra protesta egiteko. Jendetza batu da, aterkipean. Ekitaldi nagusiena Bartzelonan egin dute, Sant Jaume plazan; horretan, 5.000 lagun elkartu dira, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera.
Kanpainaren hasierarekin, manifestu bat irakurri dute. Horretan, gogorarazi dute irailaren 11n "ia bi milioi lagun" irten zirela kalera, bozkatu nahi dutela adieraztera. "Herrialde honetako biztanleen %80ek bozkatzeko eskatzen dute; Kataluniako Parlamentuaren gehiengo oso zabal batek bozkatzeko eskatzen du. Herrialde honetako udalen %90ek baino gehiagok argi utzi dute azaroaren 9an bozkatu egingo dugula".
Horrela, "Europan egin den kanpaina politikorik handienari" hasiera eman diote —100.000 boluntario ariko dira lanean—. Era berean, Konstituzionalaren erabakia salatu dute: "Atzo Auzitegi Konstituzionalak agerian utzi zuen Espainiako botere publikoek arau demokratikoekiko zein errespetu gutxi duten. Atzo argi geratu zen arazo juridiko baten aurrean gaudela; mahai gainean dagoena gatazka politiko bat da".
"Aukera historiko baten aurrean" daudela sinetsita, Ara és l’hora kanpaina abiatu dute. "Sekulako aukera da arazo nazional eta sozialei irtenbidea emateko eta guztiontzat hobea izango den herrialde bat bermatzeko".
Kataluniatik kanpo ere batu dira egitasmora; Euskal Herriko ANCk, esaterako, Bilboko udaletxearen atarian egin du protesta.
Gobernuaren kanpaina, bertan behera
Kataluniako Gobernuak bertan behera utzi du azaroaren 9ko galdeketaren kanpaina, "behin-behinean" eta kautelazko neurri gisa. Francesc Homs gobernuko bozeramaileak argudiatu du ezin dituela Kataluniako administrazioko langileen gainean utzi kanpainarekin aurrera egiteak eragin litzakeen ardura legalak. Ukatu egin du, nolanahi ere, kanpaina etetea atzerapausoa dela, eta prozesuan aurrera egiteko asmoa adierazi du.
Homsek ohartarazi du Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi dituela Kontsulta Legea eta galdeketara deitzeko dekretua, baina epaia eman arte horiek legezkoak direla. Gainera, gogorarazi du epaitegiak abiadura "supersonikoan" —hala deskribatu zuen atzo Artur Masek— baliogabetu duela galdeketa, eta abiadura berarekin gaiaren mamiaz ebazteko eskatu dio. Alde horretatik, alegazioak aurkeztuko dizkio Auzitegi Konstituzionalari.
Homsek iragarri du Kataluniako Gobernuak bere jarrera zein izango den jakinaraziko duela epaitegiak ez badu erabakirik hartzen azaroaren 9a baino lehen. Bestalde, nabarmendu du prozesuak "mobilizazioa eta batasun politikoa" behar duela. Azaldu du alderdiei dagokiela batasun politikoa, baina gaineratu herritarrei dagokiela mobilizazioa.
Gobernuaren ardura "jokaleku ezberdinak" izatea dela azaldu du Homsek: "Eta baditugu, baina burugabea litzateke horien berri ematea".
Kataluniaren "pribilegioak"
"Mas presidenteak badaki inoiz ezin dela haizearen kontra nabigatu. Ontziak, haizearen kontra jartzen denean, ez du aurrera egiten: atzera egiten du. Espero dut Mas presidenteak ez duela nahi Kataluniak atzera egiterik eta urteotan askatasunen berreskurapenean, oparotasunean eta herri kataluniarraren identitatearen erabateko aitorpenean izandako pribilegioak galtzerik".
Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroa hala mintzatu da Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak eginiko adierazpen batzuei erantzunez. Masek esan du "ontzietan motorra apurtzen denean belak zabaldu" egiten direla. "Marinel metaforekin" erantzun dio Margallok, eta gaineratu du PPren gobernua prest dagoela elkarrizketarako "legezkotasunaren eta leialtasun instituzionalaren barruan".