Bruselak berretsi du Ceutan dauden migratzaile guztiak kanporatzeko asmoa duela

Nazioarteko zuzenbideak adingabeei babes berezia ematen badie ere, «legez kanpoko migratzaile guztiak» Marokora itzularaztearen alde egin du Europako Batasunak.

Zenbait migrante eta Gurutze Gorriko boluntario batzuk gaur, El Trampolin hondartzan. LAURA RINCON / EFE
Zenbait migrante eta Gurutze Gorriko boluntario batzuk gaur, El Trampolin hondartzan. LAURA RINCON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko abuztuaren 18a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasunak migrazio politiketan hartutako jarrera irmoa da, eta ez du atzera egiteko asmorik; ezta nazioarteko zuzenbidearen aurka egin behar badu ere. Ceutan (Espainia) dauden migratzaile guzti-guztiak —adingabeak barne— kanporatu behar direla berretsi du gaur Europako Batzordeko Barne Gaietarako bozeramaile Markus Lammertek, Bruselan emandako prentsaurreko batean: «Gure esperantza da Ceutan legez kanpo dauden guztiak kanporatuko dituztela».

Kazetariek galdetu diotenean ea «guztiak» esan duenean adingabeak ere barne hartzen dituen, baietz erantzun du: «Europako Batasuneko legediak horrela du araututa». Lammerten arabera, Bruselak ekainean onartutako Migrazio eta Asilo Itunean jaso zuten «legez kanpo iristen diren migrante guztiak» kanporatuko dituztela, «adingabeak barne». Eta gaineratu du Espainiak eta Marokok migranteak itzularaziko direla bermatu behar dutela. Ez du argitu errefuxiatuak eta asilo eskatzaileak ere, EBren arabera, «itzuli beharreko» horien artean dauden edo ez.

Bozeramaileak aitortu du ez dagoela argi zenbat diren Ceutan geratzen diren migranteak, baina «milaka» direla dio. Ceutako Gobernuaren arabera, 9.000 inguru dira; eta bertan jarduten duten gobernuz kanpoko erakunde gehienak bat datoz zifra horrekin. Gainera, estimatzen dute horietatik 4.000 inguru izan daitezkeela adingabeak. Espainiako Poliziak, oraingoz, 2.168 identifikatu ditu.

Espainiako Gobernuaren arabera, uztaileko azken bi egunetan 80.000 migratzaile inguruk zeharkatu zuten Marokoren eta Espainiaren arteko muga. Halere, horietako gehienak Marokora itzuli ziren hurrengo egunetan. Gaur egun, Ceutan geratzen diren etorkin gehienak kalean daude.

Migrante horiek hartzeko lau gune prestatzen hasi dira hiri autonomoan. Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako eta Migrazioko ministroaren arabera, 1.500 migrante hartu ahalko dituzte instalazio horietan. Halere, gaur Ser irrati kateari adierazi dionez, posible izango da gune horietan 4.000 pertsona ere hartzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA