Gutxienez bost charter hegazkin, dozenaka autobus eta euren kabuz abiatutako milaka katalanek beteko dituzte bihar Brusela erdialdeko etorbideak. Europa: esnatu! Jaiki demokraziaren alde lelopean —berez, Lagundu Kataluniari izenburua ipini behar zioten—, Kataluniako preso politiko independentisten egoeraz ohartarazi nahi dute ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Cultural erakundeek.
Gaur goizean, mobilizazioaren berri eman dute Bruselan bi erakundeetako presidenteordeek, Agusti Alcoberrok eta Marcel Maurik. Bertan, Kataluniako hedabide ugariren eta nazioarteko gutxi batzuen aurrean azaldu dute eurak bertan izateko arrazoia, eta ez euren erakundeetako presidenteak: Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart preso daude Espainian urritik. "Ez da soilik barruko afera bat", azaldu du Maurik, Europari ardura eskatuz: "Espainiako Gobernuak Europako Batasuneko oinarrizko eskubideak urratu ditu, besteak beste, adierazteko eskubidea, informatzekoa, elkartzekoa eta manifestatzekoa".
Urriaren 1eko erreferendumeko "errepresioa" ekarri dute gogora, eta ohartarazi dute Carles Puigdemonten gobernuari sedizio delitua egozten diola Espainiako Justiziak: "Hamabost urtera arteko zigorra ekar dezake". Kataluniako presidentea eta haren lau kontseilari Bruselan daude duela hilabete baino gehixeagotik, Bartzelonako parlamentuak independentzia adierazpena onartu zuenetik. "Espainian, elkarrizketa baino, errepresioa nahiago duen sistema judizial bat dago", salatu du Maurik. Abenduaren 21eko hauteskundeez ere ohartarazi du Alcoberrok: "Egoera honetan, nork hitz egin dezake hauteskunde libreez?".
Zerrendaburuak hizlari
11:30ean abiatuko da bihar manifestazioa Cinquantenaire parketik, eta Europako Batasuneko erakunde nagusietako batzuen egoitzen paretik igaroko da. Parte hartzaileei elementu horiren bat eramateko eskatu diete antolatzaileek, preso politikoen omenez; Hauteskunde Batzordeak, hain zuzen ere, debekatu egin du kolore hori Kataluniako kanpainan erabiltzea. "Hemen, Belgikan, ez dago debekatuta, beraz, Brusela horiz beteko dugu", azaldu du Francesc Bellavistak, ANCko nazioarteko idazkariak.
Jean Rey plazan amaituko da 2,5 kilometroko ibilbidea. Bertan, Europako Parlamentuko talde guztietako ordezkariek, Bruselan dauden kontseilari katalanek eta hilaren 21eko hauteskundeetako bi zerrendaburu independentistak hartuko dute hitza: Puigdemontek, Junts Per Catalunyatik; eta Marta Rovirak, ERCtik —CUPek baieztatzeko zain daude, oraingoz, antolatzaileak—-.
"Bruselan urte askoan ikusitako manfiestazio handiena" izango dela iragarri du Bellavistak. "Lan eguna izango da; EBko erakunde eta funtzionarioak bete-betean ariko dira". Antolatzaileek ez dute parte hartzaileen zifrarik eman nahi izan, baina jakinarazi dute webgunean izena eman dutenak gehiago direla egunetik egunera: "Bost charter hegaldi kontratatu ditugu, baina jendea bere kabuz ere antolatu da, eta hori ezin dugu kontrolatu". Belgikako hedabideek 50.000 lagun izan litezkeela argitaratu dute.