Bukatu da Hondurasko folletoia

Nasry Asfura eskuinekoa izendatu du presidente hautatu gisa Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Donald Trump AEBetako presidenteak babestutako hautagaia izan da, eta emaitza inpugnatuko dute beste hautagaiek.

Nasry Asfura 'Tito' kanpainako ekitaldi batean, joan den azaroaren 23an. GUSTAVO AMADOR / EFE
Nasry Asfura 'Tito' kanpainako ekitaldi batean, joan den azaroaren 23an. GUSTAVO AMADOR / EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 25a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bozak egin zituztenetik ia hilabete pasatu den honetan, bukatu da Hondurasko folletoia: behin botoen %99,93 zenbatuta, Nasry Asfura Tito eskuinekoa izendatu du presidente hautatu gisa Hauteskunde Batzorde Nazionalak gaur goizaldean. Donald Trump AEBetako presidenteak babestutako hautagaia izan da Alderdi Nazionalaren hautagaia, eta botoen %40,26 lortu ditu. Puntu baten aldea ere ez dio atera Salvador Nasralla kontserbadoreari, Alderdi Liberaleko hautagaiari (%39,54). Nasrallak nabarmendu du ez duela emaitza onartzen, eta auzitara joko duela. 

Azaroaren 30ean egin zituzten hauteskundeak, eta alderdiek hauspotutako iruzurraren mamua kontaketaren gainean egon da. Irregulartasun akusazioak tartean, 2.800 hauteskunde akta —586.000 boto inguru— banan-banan zenbatu ditu hauteskunde batzordeak. Abenduaren 13an ziren zenbatzen hastekoak, baina zenbait arazo tekniko gorabehera eta batzordeko kideak ez direlako elkarren fio, atzeratu egin zuten. Prozesua kaotikoa izan da, eta, azkenean, bozak egin zituztenetik 24 egunera, presidente hautatu bat du Erdialdeko Amerikako herrialde horrek.  

Eta ez dira fio, batzordea osatzen dutelako Alderdi Nazionalaren, Alderdi Liberalaren, eta Libre ezkerreko alderdi ofizialistaren ordezkariek. Marlon Ochoa da Librek organo horretan dituen ordezkarietako bat, eta asteartean sare sozialetan salatu zuen «estatu kolpe bat» prestatzen ari zela hauteskunde batzordea. Librek ere auzitara jo du, eta haren presidentegai Rixi Moncadak —hirugarren izan da, botoen %19 bilduta— azpimarratu du gaur X-n iruzurra egon dela, hauteskunde batzordeak demokrazia «hil» duela, eta «inperioaren inposizio bat» gertatu dela. Azken lau urteotan izan ezik, 1982an diktadura militarra bukatu zenetik, Alderdi Nazionalekoak edo Alderdi Liberalekoak izan dira Hondurasko presidenteak.

Librek egotzi izan dio Trumpi bozetan esku sartzea. Izan ere, Asfuraren aldeko botoa eskatu zuen. «Titok eta biok elkarrekin lan egin dezakegu narko-komunisten kontra», idatzi zuen Trumpek Truth Social bere sare sozialean, bozak egiteko pare bat egun falta zirenean. «Irabazten baldin badu, AEBek babesa emango diote, harengan konfiantza handia baitute», gehitu zuen. Iruditzen zaio, bide batez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen kontra borrokatzen dela Asfura.

Hain zuzen, behin Asfurak irabazita, indartu egin da Trumpek Latinoamerikan osatu asmo duen bloke ideologiko-geopolitikoa: Argentinari, Boliviari, Ekuadorri, El Salvadorri eta Paraguairi Honduras ere gehitu behar zaie aurrerantzean. 

Asfura ere, Trump bezala, negozioen esparrutik datorren politikari bat da. Errefuxiatu palestinarren semea da, 67 urte ditu, eta eraikuntzaren alorrean nabarmendu da. Tegucigalpako, hiriburuko alkatea izan zen 2014tik 2022ra, eta sasoi hartan hainbat eraikuntza eta azpiegitura proiektu egin zituzten. Haren izena Pandoraren paperak auzian agertu zen 2021ean. Kazetaritza ikerketa bat izan zen, zerga paradisuetan sozietateak sortzera bideratutako hamalau abokatu bulegotako dokumentuen filtrazio handi batean oinarritu zena.

Hauteskunde kanpainan ekonomia liberalizatzeko neurriak agindu zituen, eta atzerri politikan AEBen ildotik aritzea du asmo. Esan izan du inbertsioa erakarri nahi duela aliantza horren bidez.

Zorion mezuak

Xiomara Castro ordezkatzekoa da Asfura. Urtarrilaren 27an da kargua hartzekoa, eta, horrekin lotuta, Castrok bideo bat kaleratu du sare sozialetan, eta adierazi du ordura arte egongo dela karguan: «Ez egun bat gutxiagoz, ez egun bat gehiagoz». Castrok bozak irabazi zituenean, 2021ean, botoen %51 bildu zituen, eta, hain justu, Asfura izan zen bigarren (%36).

Nazioarteak, oro har, Asfura, zoriondu du. Hala egin dute, esaterako, AEBek, EB Europako Batasunak, eta Argentinak; azken horretako presidente Javier Mileik esan du, ohar batean, «narko-sozialismoak» galdu duela. AEE Amerikako Estatuen Erakundearen begiraleek azaldu dute emaitzek «herritarren borondatea» islatzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.