Boiko Borisov Bulgariako presidentearen gobernuak parlamentuan duen babesari esker gainditu du oposizioko BSP alderdi sozialistak aurkeztu duen zentsura mozioa. Eskuineko gobernuari sostengua eman diote GERB eta Abertzale Batuak alderdiek. 124 botorekin, baztertu dute zentsura mozioa; 102 parlamentarik egin dute haren alde, eta 11 abstenitu egin dira.
Parlamentuan eztabaidatzen ari ziren bitartean, dozenaka manifestari elkartu dira ganberaren kanpoaldean, Borisoven gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitzeko. Herrialdean ustelkeria errotuta dagoela salatzen dute, eta erreforma politiko sakonak galdegin dituzte. Goizean dozenaka batzuk elkartu dira, baina, protesta oldeak orain arte iraun duen hamahiru egunetan, mobilizazio jendetsuak izan dira gauetan. Milaka manifestari elkartu dira Sofia hiriburuan eta herrialdeko hainbat hiritan, ustelkeria salatzeko.
Protestak indartu egin ziren duela hiru egun, Poliziak Rumen Radev Bulgariako presidentearen bulegoa miatu ostean. Radev sozialisten hurbilekoa da, eta aurkari du Borisov lehen ministroa.
Manifestariek adierazi dute ez dutela amore emango gobernu osoak dimititu arte. Mafiaren eta herrialdeko oligarkiaren menpeko izatea leporatzen diote.
Borisovek bere gobernuan aldaketak egingo dituela hitzeman du. Aldaketa horiek «bi egun barru» jakinaraziko dituztela adierazi du Valeri Simeonov parlamentuko presidenteordeak. Haren esanetan, ezin da baztertu gobernu eraldaketak lehen ministro karguari ere eragitea.
Bulgarian datorren urterako daude aurreikusita presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak.