Bundestagek borondatezko soldaduska ezartzeko legea onartu du

Legea Alemaniako goi ganberan eztabaidatzekoak dira orain. Onartzen badute, derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri ahalko dute baldin eta nahikoa soldadu errekrutatzen ez badituzte. Ikasleek protestara deitu dute gaurko.

Alemaniako itsas armadako soldadu bat 'Donau' ontzian, urrian, Norvegian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Alemaniako itsas armadako soldadu bat 'Donau' ontzian, urrian, Norvegian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 5a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemaniari ere eragin dio Ukrainako inbasioak, borondatezko soldaduska ezartzeko lege proposamena onartu berri baitute Bundestagen; herrialdeko legebiltzarreko behe ganberako 323 diputatuk egin dute horren alde, 272k kontra, eta bat abstenitu egin da; Die Linke ezkerreko alderdikoek ez dute bozkatu ere egin. Orain Bundesraten, goi ganberan, eztabaidatzekoak dira testua.

Datu ofizialen arabera, Alemaniako armadak 180.000 soldadu aktibo baino gehiago ditu, eta 2030erako beste 80.000 beharko lituzke NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak gomendatzen dion kopurura heltzeko —260.000 soldadu, 200.000 erreserbistaz gain—; legea onartu eta urtebeteko epean 20.000 errekrutatzeko asmoa dute. Gobernuak datorren urtearen hasieran ekingo dio 18 urteko gazteei galdetegi bat bidaltzeari, jakiteko ea soldadu izan nahi ote duten —erantzutea derrigorrezkoa izango da mutilentzat, eta aukerakoa neskentzat—. Horrez gain, 2008az geroztik jaiotako mutil guztiek mediku azterketa bat egin beharko dute bai ala bai.

Goizean, zenbait lagunek elkarretaratzea egin dute Bundestagen atarian, Zerbitzu militarrari ez! zioen kartel batekin. Eta ikasleek protestara deitu dute gaurko Alemaniaren luze-zabaleko hainbat hiritan. Manifestazioen antolatzaileek mezu bat argitaratu dute sare sozialetan, eta bertan legearen kontra egin dute: «Ez dugu gure bizitzako urte erdi bat barrakoietan entzerratuta igaro nahi, obeditzen eta hiltzen ikasten». Gerrek bizimodua «suntsitu» besterik ez dutela egiten salatu dute.

(ID_15578274) GERMANY PARLIAMENT PROTEST

Manifestari bat Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroaren aurpegiaren mozorro batekin, Bundestagen atarian, gaur. FILIP / EFE

Derrigorrezko zerbitzu militarra 2011n utzi zuten bertan behera, CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiko Angela Merkel kantzilerra zen garaian (2005-2021). Eta aintzat hartzekoa da legea gobernuak ondu duela —CDU-CSU eskuineko koalizioak berak eta SPD alderdi sozialdemokratak osatzen dute—, Errusiaren mehatxuari aurre egin behar zaiola argudiatuta.

Printzipioz, oraingo zerbitzu militarra borondatezkoa izango da; izan ere, legebiltzarreko Defentsa Batzordeko buruak, Thomas Roewekampek, jakinarazi du balitekeela bueltan nahitaezkoa izatea baldin eta 2027ko udarako nahikoa boluntario errekrutatzen ez badituzte. Horretarako aukera jasotzen baitu gaur onartu duten legeak, eta «beranduenez» urte eta erdiko epean erabaki beharko dute zer egin, «askatasuna eta bakea segurtatzeko», Redaktionsnetzwerk Deutschland hedabide taldeari gaur jakinarazi dionez.

Boris Pistorius Defentsa ministroak Bundestagen aurrean hitz egin du gaur, bozketa egin aurretik, eta ziurtatu du Alemaniaren aliatuek «aitortu» egin dutela herrialdeak arlo militarrean egindako bidea, «ekipamendutik eta azpiegituretatik hasita, armadak eskura duen diruraino». Hain zuzen, iragan martxoan, konstituzioa aldatu zuten gastu publikoa handitu ahal izateko, eta, horri esker, Alemaniak gastu publikoa mugatzen duen arautik kanpo utz dezake defentsan egiten duen gastuaren zati handi bat —BPG barne produktu gordinaren %1etik gora dagoen guztia—.

«Usu esaten didate horren jakitun izan behar dugula», erantsi du Pistoriusek, herrialdea «Europako defentsaren motorra» bihurtu baita, eta soldaduskaren legea «defentsa gaitasuna» hauspotzeko beste «urrats erabakigarri» bat dela deritzo. Roewekampek esan duenaren antzera, ministroak azaldu du borondatezkoa izango dela, «eta hala izaten jarraituko du, guztia espero dugun bezala joanez gero»; adierazi du bestela ez dutela «beste erremediorik» izango: «Zerbitzu militar partzialki derrigorrezkora jo beharko dugu herrialdea babesteko».

Borondatezko zerbitzu militarra gutxienez urte erdikoa izango da, eta hilero 2.600 euro jasoko dituzte armadara batzen direnek; gainera, legeak pizgarri gehiago aurreikusten ditu urtebeteko edo gehiagoko egonaldia egiten dutenentzat.

Europa, errekrutatzen

Alemanian ez ezik, Europan ere bada zer esanik soldadutzari buruz. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan zen astean iragarri zuen «borondatezko» zerbitzu militarra ezarriko zutela datorren urteko udatik aurrera: «Gure gazteria engaiamenduz egarri da». Alemaniakoa baino luzexeagoa izango da Frantzian planteatu duten soldaduska; hamar hilabetekoa, hain zuzen ere, eta 3.000 gazte bildu nahi lituzkete lehen urtean.

Europako Batasuneko 27 estatu kideetatik bederatzitan da derrigorrezkoa zerbitzu militarra egitea: Suedian, Finlandian, Danimarkan, Estonian, Letonian, Lituanian, Austrian, Grezian eta Kroazian —datorren urtean ezarriko dute azken herrialde horretan—; Norvegian, Suitzan eta Zipren ere nahitaezkoa da.

Bestalde, Herbehereetan, Polonian eta Bulgarian borondatezkoa da. Datorren urtetik aurrera, herrialde hauek ezarriko dute mota horretako zerbitzu militarra: Alemaniak, Belgikak, Errumaniak eta Frantziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.