Burkina Faso

Burkina Fasoko armadak zortzi lagun hil ditu, ustez Beriainen eta Fraileren hilketan zerikusia zutenak

Armadak gaur eman du albistearen berri, baina ez du informazio gehiago plazaratu.

David Beriaini egindako omenaldia Artaxoan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 5a
15:05
Entzun

Bi euskal kazetarien hilketarekin zerikusia izatea egotzita, zortzi «terrorista» hil dituela adierazi du Burkina Fasoko armadak. Hala jakinarazi du gaur erakunde armatuak, baina ez du informazio gehiago plazaratu.

Apirilaren 26an, talde armatu batek eraso egin zion 40 bat laguneko talde bati Burkina Fason, herrialde horren eta Beningo Errepublikaren arteko mugaldean dagoen parke natural batean. Hasieratik, Burkina Fasoko Gobernuak jakinarazi zuen lau lagun desagerturik zeudela eraso horren ondorioz. Hurrengo egunean, Espainiako Atzerri ministro Arantxa Gonzalez Laiak eman zuen albiste lazgarria: desagertutako lau horietatik bi euskal kazetariak ziren, Artaxoako (Nafarroa) David Beriain eta Barakaldoko (Bizkaia) Roberto Fraile, eta bi-bien gorpuak topatu zituzten.

Hildako kazetariak film dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako legez kanpoko ehizari buruz: erredaktore Beriain, kamerari Fraile. Legez kanpoko ehizaren kontrako patruila batekin zihoazen, eta, 09:00etan, talde armatu batek eraso egin zion patruila horri.

Indarkeria handituz doa

Beriaini eta Fraileri gertatutakoa ez da gertakari bakan bat Burkina Fason. Izan ere, astelehen honetan bertan, beste 30 lagun hil zituzten Kodyel izeneko herrian. Oraindik inork ez du bere gain hartu erasoa, baina, gobernuko iturrien arabera, inguru horietan «boluntarioak» bildu izanaren mendeku moduko bat dela uste dute.

Blaise Compaore presidente ohiaren aurkako estatu kolpea egin zutenetik, segurtasunik eza areagotu egin da Burkina Fason. Talde jihadistek gero eta botere handiagoa dute eremuan, eta komunitateen arteko gatazkak ere ohikoak dira. Hala, azken sei urteetan, 5.000 lagun baino gehiago hil dituzte; 1.600 inguru, azken urtean, ACLED GKE gobernuz kanpoko erakundearen datuen arabera.

2015eko estatu kolpeak amaiera eman zion Compaoreren 27 urteko agintaldiari. Roch Marc Christian Kabore presidente izendatzearekin batera, ordea, talde jihadistek eginiko erasoak ugaritu egin ziren herrialdean. Ordura arte, talde horiek Saheleko beste hainbat herrialde zituzten jokaleku —nagusiki, Mali—, eta ez zuten atentatu esanguratsurik egin Burkina Fason; ustez, erakunde armatuen eta Compaoreren gobernuaren arteko akordio bat tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.