Aukeretako bat da Erresuma Batuak itzulerako bidea hartzea eta atzera EB Europako Batasuneko kide bihurtzea. Hori nabarmendu du gaur Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroak. Haren esanetan, aukera guztiak daude mahai gainean, baita egungo estatusari eustea ere.
Deigarria da Downing Streeteko 10. zenbakiko maizterrak gaur BBC irratian esandakoa, azkeneko 10 urteotan, brexit-a hasi zutenetik —Erresuma Batua 2021ean atera zen talde komunitariotik—, halakorik esan duen aurreneko lehen ministroa baita Burnham. 2016ko ekainaren 23an egin zuten brexit-ari buruzko erreferenduma, eta ordutik sei gobernuburu eduki ditu Erresuma Batuak. Horrek argi asko erakusten du dibortzioak Erresuma Batuko politikagintza ezegonkortu duela. Lehen ministroaren arabera, brexit-ak «kalteak» ekarri ditu «onurak» baino gehiago.
Dena den, Burnhamek ez du esan bueltatzen saiatuko direnik, baizik eta balitekeela hori izatea 2029ko hauteskunde orokorrei begira Alderdi Laboristak planteatuko dituen aukeretako bat. «Orain gauden bezala jarrai dezakegu; herritarrek uste badute ondo gaudela, aukeretako bat da, zalantzarik gabe. Aztertu genezake George Osborne Ekonomia ministro ohiak aduana batasunari buruz esandakoa; edo sozialdemokratek planteatutakoa merkatu bakarraz; edo bukaeraraino joan gaitezke», nabarmendu du BBCn egin dioten elkarrizketan. Planteatzen duen azken aukera litzateke, alegia, EBra itzultzea.
Testuingurua ere kontuan hartzekoa da. Burnham uztailean iritsi zen kargura, Keir Starmer alderdikidea ordezkatuz —dimititu egin zuen—. Alderdi Laborista urteroko kongresua egiten ari da asteon Liverpoolen, eta Burnhamek atzo azpimarratu zuen horretan «hainbat aukera» aurkeztuko dituela urtearen amaieran. Hain zuzen, urte bukaeran batzartzekoak dira EBko eta Erresuma Batuko agintariak.
Programatik kanpo
Burnhamek atzo esan zuenez, ahaleginduko litzateke aukera baten bueltan kontsentsu bat bilatzen. Halere, ez zuen zehaztu kontsentsu hori nola neurtuko luketen. Gaur adierazi du, hori bai, aztertu beharko litzatekeela ea aukeratzen duten bidea «ibiltzeko modukoa» den, eta ea bakoitzak «zein abantaila eta oztopo dituen».
Azken orduetako adierazpenekin, Alderdi Laboristak auzi horretan duen norabidea aldatu du lehen ministroak. Izan ere, 2024ko hauteskunde orokorretarako programan laboristek jaso zuten «brexit-a funtzionarazteko konpromisoa» zutela, eta uko egiten ziotela bai aduana batasunari, bai merkatu bakarreko kide izateari. Garaipen nabarmena lortu zuten bozetan, baina Starmerrek bi urte ere ez zituen egin karguan.
Ekainean, Burnhamek kanpaina egin zuenean Makerfield barrutiko bozak irabazteko, eta, horrenbestez, Komunen Ganberako parlamentari bihurtzeko, azpimarratu zuen ez zuela planteatzen Erresuma Batua, berriro, EBko kide bihurtzea. Hilabete batzuk geroago, ordea, ez du hain argi ikusten.
Jada hamar urte igaro dira dibortzioa planteatu zuen erreferendumetik —Nigel Farage buruzagi ultrak hauspotu zuen, eta orduko lehen ministroa, David Cameron kontserbadorea, kontra agertu zen—. %51,9 bozkatu zuten talde komunitariotik ateratzearen alde, eta %48,1ek kontra. Egun, azken inkestek diotenez, herritarren %52 daude berriro kide bihurtzea eskatzearen alde; halere, hamarretik seik nahiko lukete beste molde bateko harremana eduki EBrekin, kide bihurtu gabe.