Hamar urte pasatu dira Erresuma Batuko hautesleek EB Europako Batasunetik irtetearen alde bozkatu zutenetik. Eta bi hilabete barru beteko dira zazpi urte Erresuma Batua EBtik ofizialki atera zenetik. Bada, Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroaren ustez brexit-ak ez du funtzionatu, eta EBrekin beste akordio bat egiteko prest dago. Hori zabaldu dute azkeneko orduetan bertako hedabide nagusiek.
Londresko alkate Sadiq Khanekin biltzekoa da gaur iluntzean lider laborista, eta espero da bertan egingo duela iragarpena. Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da Erresuma Batuan brexit-ari buruzko erreferenduma egin zutenetik gaur arte sei gobernuburu eduki dituela herrialdeak, eta brexit-aren aurka hitz egin duen aurrenekoa dela Burnham.
Uztailean kargua hartu zuenetik, hainbat aldiz izan du mintzagai Burnhamek brexit-aren auzia. Joan den irailean, esaterako, BBC irratian adierazi zuen aukeretako bat zela Erresuma Batuak itzulerako bidea hartzea eta berriro ere EBko kide bihurtzea. Azkenekoz, iragan larunbatean kritikatu zuen EBtik irteteko erabakia. Galesko Alderdi Laboristak konferentzia bat egin zuen, eta bertan hartu zuen parte Burnhamek. Adierazi zuen EBtik ateratzeak «onura» baino «kalte» gehiago ekarri duela. Besteak beste, uste du Europatik bereizteak enpresei hesiak jarri dizkiela eta haien «gaitasun ekonomikoari» kalte egin diela.
Irailean ez zuen baztertu egungo estatusari eustea, eta aukera guztiak «mahai gainean» zeudela azaldu zuen. Orain, ordea, EBrekin beste akordio bat egin asmo du Burnhamek. Baina, dirudienez, ez edonolakoa. Erresuma Batuko hedabideek zabaldu dutenez, hiru baldintza bete beharko ditu akordio berriak: gobernuaren marra gorriekin bat egitea, aurrez sinatuta zegoen akordioa hobetzea, eta herritarrei «benetako hobekuntzak» eskaintzea egunerokoan.
Irailean, Alderdi Laboristaren urteroko kongresuan, Burnhamek adierazi zuen laboristek «hainbat aukera» aurkeztuko zituztela urtearen amaieran Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremanari dagokionez, orduan baitziren biltzekoak EBko eta Erresuma Batuko agintariak. Bada, ostiralean dira biltzekoak, Bruselan, eta mugimenduak espero dira aste honetan Downing Streeteko 10. zenbakian. Gaur gauean Burnhamek egingo duen agerraldian egingo dute laboristek aurreneko mugimendua.
Horren gainean mintzatu da gaur Ed Miliband Erresuma Batuko Atzerri ministroa, Sky News telebista katean. Erresuma Batua EBra itzultzea gustatuko ote litzaiokeen galdetu diote, eta uko egin dio erantzuteari. Baina, era berean, goraipatu egin du gobernua talde komunitariora gerturatzeko egiten ari den saiakera, eta esan du inork ez duela uste brexit-a «akordio ona» izan zenik. «Herrialde osoko hautesleek hainbat arrazoi izan zituzten EBtik irtetearen alde bozkatzeko. Baina, horietako bat ekonomia hobetzea zen, aldaketa ekonomiko positiboa lortzea. Ez dugu lortu. Ekonomiak okerrera egin du», gaineratu du.
Horrez gain, azaldu du Erresuma Batua talde komunitariotik irten zenetik gaur arte zazpi enpresatik batek EBra esportatzeari utzi diola, eta nabarmendu du %20 jaitsi direla elikagaien eta nekazaritza produktuen esportazioak. Horregatik, adierazi duenez, hauxe da Burnhamen asmoa: «Statu quo-a nahikoa ez denez, aurre egitea eta zerbait hobea eskuratzea». Eta azaldu du horretarako baliatu nahi dutela ostiraleko bilera: «Burokrazia ezabatzeko eta herritarren eguneroko bizitza hobetzeko».
Kemi Badenoch Alderdi Kontserbadoreko buruari ere galdetu diote Burnhamek gaur gauean egingo duen agerraldiaren gainean. Bada, oposizioburuak adierazi du Burnham 2016an bizi dela oraindik, eta ahaztu egin duela erabaki hori herritarrek hartu zutela, erreferendum baten bidez. «Erresuma Batuak gaur egun dauzkan arazoek ez daukate zerikusirik EBn edo EBtik kanpo egotearekin», gaineratu du prentsaurreko batean.
Europak, bestalde, begi onez ikusi du Burnham EBra gerturatu izana. Erresuma Batuko lehen ministro Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin bildu zen iragan ostegunean, eta, horren ostean, Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak ateak zabaldu zizkion Erresuma Batua EBn sartzeko balizko saiakera bati: «Asko gustatuko litzaidake Erresuma Batua berriro bueltan ikustea». Baina ohartarazi zuen negoziazioak ez direla «errazak» izango, EBk badituelako zenbait «trauma» brexit-az geroztik.