Buruzapiak debekatua segituko du Turkiako unibertsitateetan

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak agintean den alderdia, AKP, debekatzeko auzibidean eragin dezake

2008ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Turkian ofizialki indarrean dagoen laikotasuna argudiatuta, ikasle musulmanei unibertsitatera buruzapiarekin joateko askatasuna eskaintzen zieten emendakinak ezabatu ditu Auzitegi Konstituzionalak. Atzo hartu zuen buruzapia leku publikoetan eramatearen aurkako debekuari eusteko erabakia. Ebazpenak oihartzun handia izan dezake laikotasunaren haritik; izan ere, beste auzibide batean, agintean den AKPJustiziaren eta Garapenaren Alderdia galarazia izateko arriskuan da, «laikotasunaren kontrako ekinbidearengatik».

Joan den otsailean, AKPk proposatuta, Konstituzioaren bi artikuluei emendakinak jartzea onartu zuen Turkiako Legebiltzarrak. Alderdi islamista moderatuaren asmoa herritar guztiei «hezkuntza askatasuna bermatzea» eta buruzapia janzten duten emakumezko ikasleei unibertsitateetara sartzea debekatzea eragoztea.

Alabaina, oposizioko talde nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak (laikoa), helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, emendakin horiek Konstituzioaren kontra jotzen zutela argudiatuta. «Buruzapiaren erabilera ahalbidetzea lehen urratsa da estatu islamikoa ezartzeko».

Orain epaitegi horrek ebatzi du «laikotasunaren oinarri konstituzional aldaezinaren kontrakoak» direla emandakinok.

Hori ikusirik, nola jokatu erabaki aurretik ebazpen horren argudioa ezagutu nahi duela azaldu du Gobernuko eledunak, Cemil Çiçekek. Alderdiko goi buruzagi batek, ordea, gehiago itxoin ez, eta Auzitegi Konstituzionalak bere jurisdikzioa gainditu egin duela nabarmendu du. «Hala demokrazian nola Parlamentuaren aginte legegilean eskua sartzen ari da».

Buruzapiaren aldeko emendakinetan bidelagun izan zuen MHP Ekintza Nazionalistaren Alderdiak (eskuinekoa), auzitegiaren erabakia ez duela gustuko, baina errespetatuko duela jakinarazi du.

Aitzitik, CHPko presidenteorde Onur Oymenek sentimenduei bidea eman die; «pozik» agertu da epaileen erabakiarekin.

Hussamettin Cindoruk Legebiltzarreko presidente ohi eta politikari beteranoaren esanetan, atzoko ebazpenak garrantzia handia dauka: «Ebazpen historikoa da. AKPrentzako garai gogorrak datozela seinalatzen du. Erabaki horrekin hemendik aurrera gainditu ezingo duen hesi handi bat izango du AKPk». Alderdiko 71 kide ere, tartean lehen ministroa eta presidentea, zigortuak izateko arriskuan daude alderdiaren kontra irekitako auzibidean, Turkiaren laikotasunari eraso egiten diotela argudiatzen baitu Abdurrahman Yalçinkaya fiskal nagusiak.



ALDERDIEN DEBEKUA. Hain zuzen ere, buruzapiaren debekua kentzeko Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren gobernuak abiatutako ekimenaren haritik hasi zuen fiskal nagusiak haren alderdia galarazteko epaiketa. Iazko bozetan berriz nagusitu zen AKP, botoen %47rekin.

Urteotan, laikotasunari aurka egiteagatik eta beste arrazoi batzuengatik debekatu dituzte Turkian hainbat alderdi. Esaterako, AKPren iturburuetako bat, FP Bertutearen Alderdia, 2001ean debekatu zuten. Lehenago TIP Turkiako Langileen Alderdia, TBKP Alderdi Komunista Batua, eta ezker zein eskuineko beste talde batzuk galarazi zituzten, baita talde kurdu batzuk ere.



«Ebazpen historikoa da.AKPrentzako garai gogorrak datozela seinalatzen du»

hussamettin cindoruk
legebiltzarreko presidente ohia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.