Carme Forcadelli espetxetik irteteko baimen bat kendu diote

Espainiako Auzitegi Gorenak hartu du erabakia, baina ez du eraginik izango hirugarren graduan. Gainerako preso politikoen baimenen inguruan ere ebatziko du.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia. QUIQUE GARCIA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 23a
12:41
Entzun

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiari otsailean baimen bat eman zioten espetxetik ateratzeko, astean hiru egunetan. Boluntario gisa lan egiteko zen, eta adineko senide bat zaintzeko. Generalitateko Justizia Kontseilaritzak eman zuen erabakiaren berri. Bada, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du fiskaltzaren helegitea, eta kendu egin diote baimen hori –baliogabetze horrek ez dio eragingo hirugarren graduari–. Gainerako buruzagi independentista presoen egoeraren inguruan ere hark ebatziko du.

Gorenaren arabera, ez dago inongo loturarik onartutako tratamendu programaren eta egindako delitua dela-eta bete beharreko gizarteratze prozesuaren artean, eta baimen hori “justifikaezina” dela iritzi du. Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak gaitzetsi egin du Gorenak hartutako erabakia: “Ez nau harritzen; auzitegi honetatik ez dut justiziarik espero, badakit mendekua dela".

Azken ebazpen horrek ondorioak izan ditzake. Izan ere, horren bitartez, Auzitegi Gorenak adierazi du eskumena duela espetxe araudiaren 100.2 artikuluari buruz ebazteko. Horrela, fiskaltzak hirugarren graduaren aurka jar ditzakeen helegiteak berrikusi behar dituenerako bidea markatu du, eta, era berean, buruzagi independentisten zigorra malgutzeko aukera murriztu.

Gainera, Gorenaren arabera, fiskaltzaren helegite bakarra nahikoa izango da 100.2 artikulua eta hirugarren graduak bertan behera uzteko. Gradu horren kasuan, fiskaltzak oraindik ez du helegiterik aurkeztu, baina laster aurkeztuko duela espero da.

Erabaki horrekin, legelarien artean zegoen eztabaida ere amaiarazi du Gorenak, eta fiskaltzaren helegiteak berak ebatziko dituela baieztatu du.

Hirugarren gradua

Joan den ostiralean hasi ziren espetxetik irteten Kataluniako buruzagi independentista presoak, hirugarren graduak ematen dien baimena baliatuta.

Hirugarren graduarekin, asteburuak etxean igaro ahal izango dituzte buruzagiek, eta astelehenetan itzuli beharko dute espetxera. Halere, egunez ateratzeko baimena izango dute astean zehar, baina, betiere, zortzi eta 11 ordu bitartean egin beharko dituzte presondegian. Espetxetik irteterakoan, buruzagiek bat egin zuten esanez hirugarren gradua ez dela «askatasuna», eta oraindik ere zigorra betetzen dihardutela.

Hiru espetxeetako tratamendu batzordeek presoei hirugarren gradua ezartzea proposatu zuten uztailaren 2an, eta Kataluniako Gobernuak ontzat eman zuen proposamena. Fiskaltzak  aukera izango du erabaki horren kontrako helegitea aurkezteko espetxe zaintzako epailearen aurrean. Hala egingo balu, Espainiako Auzitegi Gorenak izango luke azken hitza, eta, azken erabakia ikusita, baliteke baimenaren aurkakoa izatea.

Tsunami Demokratikoaren aurkako ikerketa

Figueresko epaile bat 196 pertsona ikertzen ari da, iragan azaroan Tsunami Demokratikoak AP-7 autobidea oztopatzeko egindako mobilizazioa dela eta. Auto baten arabera, hilaren 11n eta 12an autobidea ixtean izandako ustezko desordena eta kalte delituengatik ikertzen ari dira horiek; prozesu subiranistako buruzagiak zigortzeko epaiaren berri izan ostean antolatu zen protesta.

Epaileak azaldu duenez, ikertuek AP-7an baimendu gabeko trafiko mozketa batean parte hartu zuten, eta "pertsonen eta salgaien zirkulazio askea eten zuten Frantziarekin eta Europako gainerako lurraldeekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.