Casadok PPko buruzagitzan segituko du apirileko ezohiko kongresura arte

PPk apirilaren 2an eta 3an egingo du biltzarra, alderdiko presidentea hautatzeko. Alberto Nuñez Feijoo da hautagai nagusia, baina kongresura deitu arte ez du esango aurkeztuko den ala ez

Pablo Casado, herenegun, Espainiako Kongresuan, agerraldia amaitu berritan. CHEMA MOYA / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Pablo Casadok PPko burua izateari utziko dio apirilean. Herenegun lurraldeetako buruzagiekin bildu zen alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen. Han erabaki zuten apirilaren 2an eta 3an egingo dutela ezohiko kongresua, alderdiaren buruzagia zein izango den erabakitzeko. Casadok adierazi zuen ez dela hautagaia izango, eta, alderdiko baroiekin batera, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteari eskatu zion hauteskunde primarioetara aurkezteko. Feijoo «esker oneko» agertu zen denek eman dioten babesagatik, baina gaineratu zuen kongresura deitu arte ez duela erabakirik hartuko.

Gauzak horrela, bilera horretan aho batez erabaki zuten Cuca Gamarra alderdiko bozeramaileak hartuko zuela PPren koordinatzaile orokorra izateko ardura, kongresua egin arte, eta Esteban Gonzalez Pons izango zela batzorde antolatzaileko presidente.

Genovako egoitzan ziren batzartzekoak Casado eta lurraldeetako buruzagiak, 20:00etan, baina ordu bat atzeratu zen bilera, Casado Feijoorekin bildu zelako lehenago. Bilerak lau ordu baino gehiago iraun zuen, eta atzo goizaldean bukatu zuten. Bilera egin baino lehen, lurraldeetako buruzagi gehienek Casadori eskatu zioten dimisioa emateko, eta Feijooren hautagaitza babestu zuten.

Bileraren ostean, Casadok ez zuen adierazpenik egin. Feijook bai, ordea, eta argi utzi nahi izan zuen kongresura deitu arte ez duela esango primarioetara aurkeztuko den ala ez: «Eskertzen dut alderdikideen babesa, baina ni neu naiz hautagaitza aurkezteko erabakia hartu behar duena».

Lurraldeetako presidenteen artean, Juan Manuel Moreno Bonilla Andaluziako Juntako presidenteak adierazi zuen Casadok ez zuela dimititu beharrik: «Casado biltzar batean izan zen hautatua alderdiko presidente, eta biltzar batean atera beharko du». Bonillak Feijooren hautagaitza babestu zuen, Galizian kudeaketa oso ona egin duelako, eta alderdiaren barruan eta kanpoan adostasuna bultzatu duelako.

Ikusteko dago zer gertatuko den etorkizunean. Litekeena den arren Feijoo primarioetara aurkeztea, ikusteko dago zein beste hautagai aurkeztuko diren. Izan ere, datorren asteartean, martxoaren 1ean, alderdiaren zuzendaritza nazionala bilduko da, eta kongresu batera deituko dute, hautagaitza berriak aurkezteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.