Azken datuen arabera, Pedro Castillo sindikalistak 113.193 boto ateratzen dizkio Keiko Fujimori eskuindarrari Peruko presidentea aukeratzeko bozetan, botoen %96,86. Beraz, Castillo garailetzat har daiteke, ezinezkoa delako emaitzek buelta ematea; besteak beste, egun osoan zenbatu ahala haren abantaila hazi besterik ez denean.
Hauteskunde batzordearen arabera, Castillok 8.687.367 boto jaso ditu, eta Fujimorik 8.574.174. Atzerrian daude perutarren 1.419 boto agiri falta dira zenbatzeko, eta ia beste horrenbeste aztertu beharko dituzte, arazorik ote duten zehazteko.
Edonola ere, batzordeak esan du orain arte bakarrik 454 agiri onartu dituztela berriz aztertzeko.
«Peruko herriaren nahia aintzat hartzeko» eskatu dio bart Castillok hauteskunde batzordeari. Bere burua garailetzat eman du, bozka bulegoetara bidalitako ordezkariek emaniko datuen kalkulua amaituta. «Herria nagusitu da balentria honetan».
Dagoeneko Peruko enpresaburuen ordezkariekin bildu dela adierazi du, eta «egonkortasuna» agindu die ekonomia kontuetan. Atzerriko hainbat gobernuk ere zoriondu dutela nabarmendu du.
Fujimorik «iruzur sistematikoa» salatu zuen atzo, baina hauteskunde batzordeak gezurtatu egin zuen bozetan halakorik geratu izana.