Miguel Diaz Canel Kubako presidentearen arabera, AEBek Raul Castro Kubako presidente ohiaren (2008-2018) aurka egindako akusazioa «ekintza politikoa» da, eta ez du «inongo oinarri juridikorik». Atzo gauean adierazi zuen hori, X sare sozialean, eta nabarmendu AEBek «eraso militar bat justifikatzeko» inputatu dutela Castro homizidioagatik. «Agerian uzten du inperioaren ordezkarien frustrazioa eta Kubako Iraultzaren irmotasun hautsezina», idatzi zuen.
Atzo inputatu zuen Castro AEBetako Justizia Departamenduak, hilketa leporatuta. Espedienteak jasotzen duenez, Kubako armadak bi hegazkin arin erorarazi zituen 1996ko otsailaren 24an, eta operazio horren buru izatea leporatzen diote Castrori —Defentsa ministroa zen orduan—.
Diaz Canelek atzo gauean ziurtatu zuen duela 30 urte egindako operazio horretan «zuhurtziaz» jokatu zela, eta ez zela nazioarteko zuzenbidea urratu: «Kubak bidezko defentsan jardun zuen, bere eremuaren barruan terroristek gure aire eremua behin eta berriz modu arriskutsuan urratu ondoren. Urraketa horien berri eman zitzaien AEBei, baina ez zieten jaramon egin ohartarazpenei».
Kubako Gobernuak ere ohar bat zabaldu zuen atzo gauean, eta AEBek aurkeztutako akusazioa kondenatu zuen. Akusazioa «doilorra eta gaiztoa» dela iritzi dio, eta gaineratu «zinismo handikoa» dela «Karibe itsasoko eta Ozeano Bareko nazioarteko uretan berrehun pertsona inguru hil eta 57 ontzi suntsitu dituen gobernuak berak akusazio hori egitea».
Txinaren babesa
Castroren inputazioa ikusita, Kubarekin lerrokatu da Txina, eta AEBei eskatu die ez dezatela Kubaren aurka «garrote judiziala» erabili: «AEBek zigorren garrotea eta garrote judiziala erabiltzeari utzi behar diote, eta mehatxu egiteari utzi». Gaur esan du hori Guo Jiakun Txinako Atzerri Ministerioko eledunak, prentsaurreko batean. Gaineratu du Txinak «irmoki» babesten duela Kubaren burujabetasuna, eta nazioarteko zuzenbidean oinarririk ez duten zigorren, «abusu judizialen» eta Kubari presio egiteko atzerriko indarrek erabilitako «edozein aitzakiaren» aurka egongo direla.
6Latinoamerikako zenbat agintari inputatu dituzten AEBek. AEBek inputatutako Latinoamerikako agintarien eta agintari ohien zerrendan sartu da Raul Castro Kubako presidente ohia. Beste bostak Nicolas Maduro (Venezuela), Juan Orlando Hernandez (Honduras), Rafael Callejas (Honduras), Alfonso Portillo (Guatemala) eta Manuel Noriega (Panama) dira.
AEBak presio handia egiten ari zaizkio Kubari, eta Castroren aurkako inputazioa kanpaina horren barruan «beste urrats bat» dela salatu du Habanak. Urtarrilaren 3an AEBek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik, areagotu egin da Kubaren aurkako presio hori. AEBen eraso militar baten mehatxuak gero eta gehiago dira, petrolio hornidura blokeatua dute, eta gero eta larriagoa da krisi energetiko eta humanitarioa.