Ceutako gertakarien harira mugak ixteko deia egin du nazioarteak

Frantziak jakinarazi du mugetako kontrolak indartuko dituela, tartean Ipar eta Hego Euskal Herriaren artekoak. EBko hainbat herrialde Espainia Schengen akordiotik kanpo uztea aztertzen ari dira, hala nola Italia, Finlandia eta Danimarka.

Migratzaile batzuk igerian Ceutako kostara iristen, gaur. REDUAN DRIS / EFE
Migratzaile batzuk igerian Ceutako kostara iristen, gaur. REDUAN DRIS / EFE
Paulo Ostolaza - Maddi Iztueta Olano
2026ko uztailaren 31
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igerian, oinez eta korrika; pabiloietan eta espaloietan inprobisatutako oheak; jendea, jendea eta jende gehiago. Milaka pertsonak Espainiaren eta Marokoren arteko muga zeharkatu dute azken orduetan, eta berehala iritsi dira nazioarteko erreakzioak. Migratzaileen egoera bazter utzita, atzerriko liderrek legez kanpoko migrazioaren auzian jarri dute arreta, eta, oro har, irtenbide bat proposatu dute: mugak ixtea eta kontrolak zorroztea; are, zenbait herrialdek mahai gainean jarri dute Espainia Schengen akordiotik kanpo uzteko aukera.

Frantziak mugetako kontrolak indartuko dituela jakinarazi du, tartean Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean daudenetakoak. Atzo gauean eman zuen agindua Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak. Ondorioz, «kontrol zorrotzak» egingo dituzte, eta Nuñezek argi esan du migratzaileek Frantziarako bidea hartzen badute neurri gehiago hartuko dituztela.

Alemaniako kantziler Friedrich Merzek erdibideko jarrera hartu du, eta Espainiari eskatu dio «ahalik eta lasterren kontrola» dezala Ceutako egoera. Halaber, Marokori ere mintzatu zaio, eta galdegin dio onar ditzala Espainiatik hara itzultzea erabakitzen duten migratzaileak. 

Lehen aldi bat 

Pauso bat harago eman du Italiak, iragarri baitu Espainia Schengen akordiotik kanpo uztea aztertzen ari dela. Giorgia Meloni Italiako presidentearen arabera, «legez kanpoko immigrazioa benetako mehatxua da Europako mugen segurtasunarentzat», eta azpimarratu du Erromak ez duela pauso bat ere atzera egingo «immigrazio irregularraren aurkako borrokan». Hori dela eta, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroa Italiako enbaxadorearekin elkartzekoa da gaur Madrilen, kontuak eskatzeko. Albaresek sare sozialetan idatzi duenez, Italiarena jarrera desegokia da: «Herrialde kideen aldetik elkartasuna espero dugu, eta ez demagogia alderdikoia».

Italiak egin du proposamena, eta ideia horrekin bat egin dute beste herrialde batzuek ere, hala nola Finlandiak eta Danimarkak. Mari Rantanen Finlandiako Barne ministroaren arabera, «aukera ona» izan liteke Espainia Schengen eremutik botatzea, argudiatuta Espainiak «huts» egin duela Schengen eremuaren «atzerriko mugak babesteko» lanean. Ildo beretik jo du Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek: «Europako Batasunak aukera guztiak hartu behar ditu aintzat, baita Schengengo lankidetza bertan behera uztea ere».

«Europako Batasunak aukera guztiak hartu behar ditu aintzat, baita Schengengo lankidetza bertan behera uztea ere»

METTE FREDERIKSEN Danimarkako lehen ministroa

Schengengo Ituna EBko bost estatuk sortu zuten, 1985ean, talde komunitarioko mugak ezabatzeko asmoz, pertsonen zirkulazio librea ahalbidetzeko eta merkataritza askeari trabak kentzeko. Gaur egun, 29 herrialdek osatzen dute eremu hori; EBko kide gehienak daude barruan, eta Islandia, Norvegia, Suitza eta Liechtenstein ere parte dira. Azken urteetan, migrazioaren aferak ika-mikak eragin ditu, eta, aldian-aldian, zenbait herrialdek mugak itxi edo kontrolak zorroztu dituzte behin-behinean, «segurtasuna» bermatzeko.

Halere, Schengengo Ituna sortu zutenetik, inoiz ez da ituna bertan behera utzi, ezta herrialde bat hartatik kanporatu ere. Izan ere, teknikoki, itunaren araudiak ez du horretarako bide ematen; hots, Schengen eremuko herrialde batek ezin du beste herrialde bat kanporatu. Egin daitekeena, ordea, behin-behinean mugak ixtea eta kontrolak zorroztea da, «salbuespenezko egoeretan».

EBren «arauak»

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, berriz, Ceutako irudiak «onartezinak» direla idatzi du X-n: «Ezin dugu onartu inor Europako Batasunean sartzea gure arauak bete gabe». Gurutzatzeak berehala eteteko exijitu du, eta migratzaileak azkar itzularazteko, «gure legeek ahalbideratzen duten moduan».

Milaka pertsonen iritsieraren harira sortutako zalaparta eta alarmismoa zertxobait baretze aldera, Ceutara sartutako migratzaile bakar bat ere ez dela «Europako kontinentera ailegatu» esan du EBko Barne eta Migrazio komisario Magnus Brunnerrek, eta, hortaz, ez dela haietako inor beste estatu kide batera sartu. 

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ere hizpide izan du Ceutako egoera. Etxe Zuriko bozeramaile baten arabera, Donald Trump presidentea aspalditik dabil «ezker muturreko migrazio politiken ondorioez» ohartarazten: «Espainiak eta filosofia suntsitzaile hori aplikatu duten beste herrialde batzuek norabidea aldatu beharko lukete, edo desagertzeko arriskua dute».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA