Ceutan migranteak «torturatu» dituztela salatu du AIk

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak esan duenez, Espainiako indar armatuetako kideek etorkinak mehatxatu dituzte Ceutatik ihes egin dezaten.

Espainiako Polizia Benitez hondartzan zeuden migranteak kanporatzen, atzo. REDUAN / EFE
Espainiako Polizia Benitez hondartzan zeuden migranteak kanporatzen, atzo. REDUAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 30a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Borrekin jo dituzte, iseka egin diete, mehatxu ere bai; Espainiako indar armatuetako kideek migranteak Ceutatik ihes egitera bultzatu nahi dituztela salatu du AI Amnesty Internationalek. Giza eskubideen arloko gobernuz kanpoko erakunde horrek gaur kaleratutako txosten baten arabera, etorkinak «torturatzen» ari dira. AIk gaineratu du laguntza humanitario egokia eta osasun laguntza ez dutela bermatuta.

Bi hilabete bete dira 80.000 migrante inguruk Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatu zutenetik. Gehienak lehen egunetan itzuli ziren Marokora, baina oraindik 10.000 baino gehiago geratzen dira han, Espainiako Gobernuaren azken datuen arabera. Behin-behineko hainbat kanpaleku antolatu dituzte, baina Madrilek jakinarazi du 3.000 etorkin inguru kalean daudela. Horiek dira, batez ere, indar armatuen tratu txarrak pairatzen ari direnak. AIk irailaren 10etik 15era egindako bisitatik atera ditu ondorio horiek. 65 migrante baino gehiago elkarrizketatu zituzten, baita fiskaltzako eta Ceutako Gobernuko ordezkariak ere. Zenbait migrante zaurituta zeudela egiaztatu zuten, eta zauri horiek polizien eta militarren borrek egindakoak direla salatu dute.

AIren ustez, migranteak hiri autonomoa uztera bultzatzeko «torturatu» dituzte. Ez diete lo egiten uzten, ezta egunez hirian zehar lasai ibiltzen ere. Gainera, zenbaitek salatu du umiliatu egin dituztela; besteak beste, gurutzeak musukatzera behartu dituztela —musulmanak izanda—, edota aginduak bete ezean janaria kendu dietela. AIko kideei militar talde batek aitortu zien migranteak eroso ez sentitzeko «agindua» dutela.

Ikerketak, abian

Poliziak eta militarrak jarrera «arrazistak, xenofoboak eta islamofoboak» izan dituztela ere salatu du AIk. Eta ohartarazi du Ceutako migrazio krisiak etorkinak deshumanizatzea eta gorroto diskurtsoak areagotzea eragin duela.

Amnesty Internationalen txostenaren harira, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du salaketa horiek fiskaltzara eta Ceutako guardiako auzitegira bideratu dituela. Gainera,Margarita Robles Defentsa ministroak esan du armadaren barruan ikerketa hasi dutela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA