Ceutara iritsi nahian hildakoen kopuruak gora egin du: gutxienez 141 dira

Caminando Fronteras plataformaren arabera, gutxienez 78 gorpu erreskatatu dituzte Espainian, eta 63 Marokoko uretan.

Dozenaka migrante Espainiako Poliziak inguratuta, atzo, Ceutako El Trampolin hondartzan. REDUAN / EFE
Dozenaka migrante Espainiako Poliziak inguratuta, atzo Ceutako El Trampolin hondartzan. REDUAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko abuztuaren 5a
10:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kopuruak aldakorrak dira, eta datu ezberdinak ari dira zabaltzen Espainiako Gobernua, Ceutako administrazioa, eta Marokoko agintariak. Ez dago argi zenbat izan ziren ostegunean Ceutako muga zeharkatu zuten migranteak, ezta zenbat itzuli ziren berriz Marokora, ezta bidean zenbat hil diren ere. Datuak datu, kontua da Ceutan tragedia bat gertatu dela, eta gutxienez 141 pertsona hil direla Marokotik Espainiara igarotzeko ahaleginean.

Caminando Fronteras plataformak eman zuen atzo gauean datu horren berri. Ostegunetik atzo arte Espainian 78 gorpu aurkitu dituztela kaleratu du SER Espainiako irrati kateak, iturri ofizialak aipatuz. Rabatek, ostera, ez du zabaldu zenbat diren Marokon hildakoak.

Horregatik, Caminando Fronterasek herrialde horretako zenbait gorputegi monitorizatu ditu, eta ondorioztatu du gutxienez 63 pertsona hil zirela Marokoko aldean. Migratzaileei laguntza eman eta haien aurkako giza eskubideen urraketak salatzen ditu Caminando Fronterasek.

Atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak jakinarazi zuenez, 72.000 migrantek zeharkatu zuten Ceutako muga, baina horietatik 70.000 inguru Marokon daude berriz ere. Halere, kopuru hori ere asko aldatu da azken egunetan. Ostegunean milaka migrantek zeharkatu zuten muga, baina ostiralera arte ez zuten zehaztu zenbat izan zitezkeen. 50.000 inguru izan zirela esan zuen Espainiako Gobernuak, eta 60.000 Ceutakoak.

34

Marokok zenbat pertsona auzipetu dituen Ceutako krisiaren harira. Giza Eskubideen Marokoko Elkarteak Efe agentziari atzo adierazi zionez, Tetuango (Maroko) fiskaltzak  gutxienez 34 pertsona auzipetu ditu Marokotik Espainiara «legez kanpoko» zeharkaldiak antolatzea leporatuta, tartean bost adingabe. Auzipetuen artean daude poliziei iseka eta eraso egitea egotzitako zenbait ere. Beste 52 pertsona ere auzipetu dituzte Melillan sartzen saiatzeagatik.

Ceutako krisiaren harira, ezinegona sortu da EB Europako Batasuneko estatu kideen artean, migrante horiek talde komunitarioko herrialdeetara iritsiko ote diren kezkatuta baitaude. Horregatik, atzo bildu egin ziren 27 estatu kideetako Barne ministroak, eta mugak are eta gehiago gogortu behar direla adostu zuten.

Ostegunean gertatutakoaren erantzuleak talde kriminalak eta desinformazioa izan direla adierazi zuen Magnus Brunner EBko Migrazio komisarioak, atzo emandako prentsaurreko batean. Eta jakinarazi zuen Brusela akordio bat negoziatzen ari dela Rabatekin, gisa horretako krisialdiak geldiarazteko. Espainiak eta Marokok krisiari emandako erantzuna goraipatu bazuen ere, Brennerrek belarrietatik tira egin zio Madrili. Esan zuen migranteen erregularizazio «masiboa» ez dela onuragarria EBko estatu kideentzat, baina ez du uste Espainiako Gobernuaren neurri hori dagoenik Ceutan gertatutakoaren atzean.

Bestalde, hainbat GKEk salatu dute Ceutara sartu ziren migranteen giza eskubideak urratu dituztela. Besteak beste, jakinarazi dute oraindik ere Ceutan daudenek ia ezin izan dutela urik eta janaririk lortu.

Lakua, migranteak itzularaztearen alde

Orain, Espainiako Gobernuaren kezketako bat zera da: Ceutan geratu diren migranteen etorkizuna. Horren harira, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du Madrilentzat lehentasuna izan beharko lukeela migrante adingabeak beren familiengana itzularaztea, eta ez adingabe horiek autonomia erkidegoen artean banatzea.

Gasteizen emandako prentsaurreko batean sailburuak esan du ez dela «arrazoizkoa» adingabe horiek beren familiengandik mila kilometrora baino gehiagora bidaltzea. Eta horretarako hartu daitezkeen «bide guztiak» baliatu behar direla esan du. Gainera, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bakarrik dauden migrante adingabeak «egon beharko luketenak baino gehiago» direla ere esan du.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak migrante adingabeak jasotzeko prest dagoela esan du. Eskubide Sozialen kontseilari Carmen Maeztuk honakoa adierazi du: «Beste erkidego autonomo batzuk adingabeak jasotzeko prest ez daudela esan duten bitartean, foru gobernua hartutako konpromisoak betetzeko prest dago». Eta autonomia erkidego horiei gogorarazi die adostutakoa betetzeko betebeharra dutela, eta egokitzen zaizkien adingabeak hartu beharko dituztela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA