EB Europako Batasunak migrazioaren aurkako politika gogorrak ezarri ditu azken urteetan. Bada, horiek areago sendotzeko balioko dio aurreko astean Ceutan gertatutakoak. Milaka migrantek Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatu zuten, eta alertak piztu ziren talde komunitarioko herrialde gehienetan. Hasieran EBko kide gehienek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen migrazio politikak kritikatu bazituzten ere, gaur estatu guztiek «elkartasuna» adierazi diote Espainiako Gobernuari, eta esan dute beharrezkoa dela mugak are eta gehiago gogortzea. Bien bitartean, hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek salatu dute «tratu gizagabea» eman dietela Ceutara iritsitako migranteei. Gutxienez 99 pertsona hil ziren muga zeharkatzeko ahaleginean.
Mugetan hesiak jartzeaz gainera, hesi horiek are eta igarogaitzagoak egin nahi ditu Bruselak. Azken urteetan joera argia hartu du, eta horren erakusgarri da ekainean indarrean sartu zen Migrazio eta Asilo Ituna. Orain, gainera, badute neurri horiek justifikatzeko aitzakia. Mugak gogortu ezean aurreko ostegunean Ceutan jazotakoa berriz gertatzeko arriskua egongo dela eman dute aditzera talde komunitarioko kideek. Horregatik, gaur EBko Barne ministroek ezohiko batzar baten ostean adierazi dute beharrezkoa dela mugak gogortzea, EBtik kanpoko herrialdeekin aliantzak egitea, eta horrelako gertakariak aurreikusteko sistemak martxan jartzea.
Horren harira, Frantziako Gobernua hasia da neurriak ezartzen, eta horrek eragina izan du Euskal Herrian ere. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, esaterako, bikoiztu egin dute polizia kopurua. Neurriak «prebentziozkoak» direla zehaztu zuen atzo Samuel Gesret Pirinio Atlantikoetako suprefetak, Biriatun (Lapurdi) emandako prentsaurreko batean. Gaineratu zuenez, gaur-gaurkoz ez dute nabaritu migrante gehiago dabiltzanik muga zeharkatu nahian.
EBko Barne ministroek Pedro Sanchezen eskariz egin dute bilkura. Espainiako gobernuko presidentea «kezkatuta» agertu zen EBko zenbait herrialdek Ceutan gertatutakoaren harira hartutako jokabideagatik, eta larunbatean bilkurara deitzeko eskatu zion Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari. Gaur, baina, 27 estatu kideek «elkartasuna» adierazi diote Madrili, eta bilkuraren ostean kaleratu duten ohar bateratuan txalotu egin dute Espainiaren erantzun «azkar eta eraginkorra».
Ostegunean, aitzitik, hainbat kide komunitariok Espainiaren migrazio politikak gogor kritikatu zituzten. Giorgia Meloni Italiako lehen ministro ultraeskuindarrak kritikatu zuen gogorren Sanchezen gobernua, eta Espainia Schengen eremutik kanpo uzteko eskatu zuen. Meloniren proposamenaren alde agertu zen Finlandiako Gobernua —kontserbadoreen esku dago—, eta ultraeskuindarraren ideia kontua hartzeko eskatu zuten zentro-ezkerreko zenbait gobernuk ere; horien artean, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministro sozialdemokratak.
EBko 22 estatutako liderrek mugak «kontrolik gabe» edukitzea «onartezina» dela salatu zuten asteburuan kaleratutako gutun batean. Espainia, Frantzia, Irlandako Errepublika, Portugal eta Luxenburgo ez beste kide komunitario guztiek sinatu zuten gutun hori.
25Â
Madrilek zenbat milioi euro emango dizkion Ceutari migrante adingabeei arreta emateko. Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi du 25 milioi euroko laguntza emango diola Ceutako Gobernuari bertara iristen diren migrante adingabeei arreta emateko. Aurrez, uztailean beste 5,5 milioi jarri zituen helburu bererako.
Von der Leyenek ere txalotu egin du Espainiak Ceutako krisiari emandako erantzuna. Gaur Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak emandako datuen arabera, Ceutara sartu ziren 72.000 migranteetatik 70.000 inguru «itzuli dira» Marokora. Horrela, migrante horiek Europan sartzea galarazi zutela adierazi du Von der Leyenek Sanchezi zuzendutako gutun batean, eta zoriondu egin ditu Rabat eta Madril.
Bestalde, Marokok osteguneko gertakarietan izandako jarrera ere eztabaidagai bihurtu da. Atzo, Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek esan zuen Marokotik Espainiara igarotako milaka pertsonek sare sozialetan zabaldutako informazio faltsuengatik ekin ziotela muga zeharkatzeari, eta ez zela Rabatek antolatutako «eraso» bat izan. El PaĂs egunkariak atzo kaleratu zuenez, ordea, CNI Espainiako zerbitzu sekretuek ondorioztatu dute Maroko ez zela saiatu migrante horiek geldiarazten. Ceutako presidente Juan Jesus Vivasek ere —PP Espainiako Alderdi Popularrekoa da— ez du begi onez ikusi Rabaten jokabidea, eta, atzo El PaĂs-ek egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen Rabatek agerian utzi duela ez dela «fidagarria».
«Tratu gizagabea, erabaki politiko»
EBko politikariak mugak gogortzeaz ari diren honetan, zenbait familia desagertutako senideen bila ari dira Ceutan. Gutxienez 44 pertsona daude desagertuta Efe Espainiako berri agentziari iturri ofizialek adierazi diotenez; gehienak gazteak, eta horietako zenbait adingabeak. Gainera, gutxienez 99 pertsona hil ziren ostegunean Ceutara iritsi nahian. Ceutako Gobernuak emandako datuen arabera, 88 pertsona hil ziren —Espainiako Gobernuak oraingoz 75 baieztatu ditu—; eta Marokok beste 11 heriotzaren berri eman zuen.
Horren harira, Ceutan jarduten duten No Name Kitchen eta Elin GKEek salatu dute migranteei «tratu gizagabea» eman dietela. Ostiralean, Ramses Mohamed Azumik Elin elkarteko kideak BERRIAri jakinarazi zion azken gertakarien ostean kanporatzeak, indarkeria eta errepresioa areagotuko zituztela migranteen aurka. Gainera, etorkinak urik eta janaririk gabe egon zirela gaineratu zuen, horrela berriz ere Marokora itzultzera bultzatzeko. Bada, gaur bi elkarte horiek adierazi dute oraindik ere ia urik eta janaririk gabe jarraitzen dutela, eta ez dutela informazio «egokirik» jaso nazioarteko babesaren eta osasun arretaren inguruan. Jokabide horiek «erabaki politikoak» direla gaineratu du Elin elkarteak, gaur kaleratutako ohar batean.