CGPJk aukeratu ditu Konstituzionalerako bere bi hautagaiak

Cesar Tolosa kontserbadorea eta Maria Luisa Segoviano progresista dira. Konstituzionala berritu egingo da izendapen horien bitartez.

CGPJren osoko bilkura, aurreko astean. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 27a
17:28
Entzun

Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aho batez hautatu ditu Auzitegi Konstituzionalerako bere bi hautagaiak. Kide kontserbadoreek proposatutakoak dira biak: Cesar Tolosa kontserbadorea eta Maria Luisa Segoviano progresista. Lehena Auzitegi Goreneko magistratua da, eta bigarrena, berriz, izana da. Bi kide berrien hautaketaren ondorioz, Konstituzionala berrituta geratuko da. Izan ere, CGPJk bere bi hautagaiak aukeratu izanak modua emango dio Espainiako Gobernuari bere biak proposatzeko. Azaroan jakinarazi zituzten jendaurrean izenak: Juan Carlos Campo Justizia ministro ohia da bat, eta Laura Diez katedraduna bestea; biak dira progresistak.

Aho batez hartu dute erabakia CGPJko hemezortzi kideek. Izan ere, zortzi kide progresistek beren hautagaiari uko egin diote —Manuel Bandres progresistari—, eta hamar kide kontserbadoreek proposatutako bi kideak proposatzearen alde egin dute. CGPJko iturriak aipatuz hainbat hedabidek argitaratu dutenez, «erakundeen hobe beharrez».

CGPJren agintaldia iraungita dago duela lau urtetik hona, eta PP haren berritzea blokeatzen ari da; hortaz, Konstituzionalaren berritzea bera ere blokeatzen ari da. Eta berritzeko dauden postuek berebiziko garrantzia dute, egindako izendapenen arabera gehiengo progresista edukiko baitu Konstituzionalak —azken hamarkadan gehiengo kontserbadorea eduki du—.

Orain, Konstituzionalari dagokio aztertzea CGPJk eta Espainiako Gobernuak proposatutako lau kideak egokiak diren edo ez auzitegiko kide izateko. Laurak onartuko balitu, Konstituzionaleko hamaika kideetatik sei progresistak izango lirateke, eta bost, kontserbadoreak. Egun, kontrakoa da botere banaketa.

Konstituzionala berritzeko beharrak harrabotsa sortu du azken egunotan. PSOEk eta UP Unidas Podemosek hauspotutako lege erreforma bat onartu zuen Espainiako Kongresuak, modu horretan Konstituzionalaren berritzea desblokeatzeko. Konstituzionalak berak, ordea, auzitegi horretako kideak berritzeko eginkizunaren derrigortasuna ezartzen zuten bi zuzenketak baliogabetu zituen, PPren helegite bat ontzat emanez.

Hori ikusita, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erabaki zuen indargabetutako zuzenketen edukia lege proposamen batean jasotzea, «urgentziaz». Gaur goizean, Sanchezek esan du CGPJk Konstituzionalerako bere bi hautagaiak proposatuko balitu lege proposamenaren urgentzia ez dela berbera izango. Arratsaldean hartu du erabakia Botere Judizialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.