Chavismoa eta oposizioa amnistia legearen artikulu batean trabatuta daude

Zirriborroaren arabera, aske utzitako auzipetuek epailearen aurrean aurkeztu beharko lukete barkamena jasotzeko. Rodriguezek esan du «hauteskunde libre eta justuetara» deituko duela, baina ez du zehaztu noiz.

Presoen senideek egindako protesta bat, atzo, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Presoen senideek egindako protesta bat, atzo, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 13a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelako Parlamentua aste honetan onartzekoa zen amnistia legea, baina ezin izan dute onartu, chavismoa eta oposizioa ez daudelako ados artikulu baten inguruan: artikulu horren arabera, aske utzitako auzipetuek eta zigortuek epailearen aurrean aurkeztu beharko lukete barkamena jasotzeko. Chavismoak argudiatu du presente egon behar dutela dagokien auzibidean, Konstituzioak hala agintzen baitu; oposizioak, berriz, salatu du neurri hori auzipetuak «seinalatzeko» modua dela. Datorren astean dira legeari buruz eztabaidatzen jarraitzekoak.

Gehiengo chavistadun ganberak atzo egin zuen amnistiaren lege proiektua berresteko bigarren saioa —zirriborroa joan den ostiraleko lehen eztabaidan aho batez onartu eta gero—. Hamahiru artikulu biltzen dira proiektuan, eta lehenbiziko seiak adostu ondoren, zazpigarren artikuluak galarazi zuen amnistia onartzeko prozesua, epailearen aurrean aurkeztu beharrari buruzkoak, hain zuzen ere.

Horiek horrela, Jorge Arreaza diputatu chavistak, lege proiektuaren zirriborroa ondu duen parlamentuko batzordeko presidenteak, nahiago izan zuen saioa atzeratu, «alferrikako eztabaidak» saihestearren eta «beharrezko adiskidetasun giroari» eustearren. Nora Bracho batzordeko presidenteordeak ere horren alde egin zuen, zazpigarren artikulua «eztabaidatzen» jarraitzeko. Oposizioko kidea da Bracho.

Neurri hori gorabehera, diputatuek lege proiektuaren erdia onartzeko aukera izan zuten. Aurreko sei artikuluetan zera jasotzen da, besteak beste: «amnistia orokorra eta osoa delituentzat eta hutsegiteentzat», betiere testuak ezarritako «gertaeren esparruan» eta denbora tartean; alegia, «delitu politikoak eta gisakoak» barkatuko dituzte, 1999ko urtarrilaren 1etik aurtengo urtarrilaren 30era arte egindakoak —Hugo Chavezek presidente kargua hartu (1999-2013) ondorengoak—. Helburua «bake soziala eta bizikidetza demokratikoa» eragitea da.

Urtearen hasieran mila bat «preso politiko» zeuden herrialdean, Venezuelako Zigor Foroa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, eta gutxienez 431 askatu ditu gobernuak; erakunde horrek uste du oraindik 600 inguru daudela espetxean. Venezuelako Gobernuak jakinarazi duenez, dagoeneko 800 preso askatu dituzte urtarrilaz geroztik.

«Hauteskunde libreak»

Delcy Rodriguez jarduneko presidenteak «hauteskunde libre eta justuak» egingo dituztela esan zuen atzo, horretarako egunik jarri ez zuen arren. Baldintzak ere ezarri zituen: Venezuelak «zigorretatik eta nazioarteko prentsaren jazarpenetik libratu» beharko luke. Ameriketako Estatu Batuetako NBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean, galdetu zioten ea hiru urte barru egitekoak ote diren hauteskundeak, Chris Wright AEBetako Energia idazkariak horixe iradoki baitu asteon Venezuelara egindako bisitan. Rodriguezek ez zuen erantzunik eman, baina zera esan zuen: «Hauteskundeen egutegia herrialde honetako elkarrizketa politikoak markatu eta erabakiko du».

Maria Corina Machado Venezuelako oposizioburuaz ere mintzatu zen Rodriguez: «Venezuelarrak parean dituela erantzun beharko du: esku sartze militarra eskatu zuelako, Venezuelaren kontrako zigorrak eskatu zituelako, eta urtarrilaren hasierako ekintzak ontzat jo zituelako». Machado ezkutuan egon zen duela bi urteko presidentetzarako bozen ondotik, harik eta joan den abenduan Oslon agertu zen arte, Bakearen Nobel saria jasotzeko ekitaldian; erbestealdian da orduz geroztik.

Oposizioburua Donald Trump AEBetako presidentearekin bildu zen urtarrilean, eta Etxe Zuriak jakinarazi zuen Rodriguez ere presidentearekin biltzekoa zela. «Estatu Batuetara gonbidatu naute. Hara joatea ari gara aztertzen, behin lankidetza ezarri eta aurrera egin ondoren», esan zuen jarduneko presidenteak. «Oso kontent» dago Washingtonen eta Caracasen arteko harremana «errespetuzko agenda» batean oinarritzen delako: «Gure subiranotasunaren markopeko lankidetza agenda bat da». Izan ere, AEBek eta Venezuelak otsailean berrezarri dute elkarren arteko harreman diplomatikoa, zazpi urteren ondoren —Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak 2019an itxiarazi zuen AEBek Venezuelan zuten enbaxada, Juan Guaido oposizioko liderrak bere burua presidente gisa izendatu eta Trumpek babesa erakutsi zionean—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.