Mexiko

Claudia Sheinbaum izango da Morenaren presidentegaia datorren urteko bozetan

Mexiko Hiriko alkate ohiak jaso du babesik handiena inkestan: %39,4. Prozesuari buruzko kritikak direla eta, «batasuna oinarrizkoa» dela erantzun du.

Claudia Sheinbaum —irudiaren erdian— garaipena ospatzen, gaur, Euskal Herrian ordu txikiak zirenean. JOSE MENDEZ / EFE
ander perez zala
2023ko irailaren 7a
13:17
Entzun

Mexikok, ezustekorik ezean, emakume bat izango du, lehen aldiz, herrialdeko presidente karguan. Oposizioaren koalizioa izan zen lehena, Xochitl Galvez senataria hautagai aukeratuta, eta, orain, agintean dagoen Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimendua alderdiak eman du pausoa, Mexiko Hiriko alkate ohi Claudia Sheinbaum aukeratu baitu presidentegai, inkesta baten bitartez —12.500 lagunek erantzun dute—. Urtebete baino gutxiago falta delarik, hura da datorren ekainaren 2ko hauteskunde federalak irabazteko faboritoa, Andres Manuel Lopez Obrador estatuburuaren ospeak —ezin da berriz aurkeztu— eta Morenaren urteotako joera positiboak bultzatuta.

Sheinbaum hasiera-hasieratik zen faboritoa ezohiko barne prozesua irabazteko, eta, azkenean, hautagai horixe lehenetsi dute erantzuna eman dutenek; batez beste, %39,4k. Emaitzei erreparatuz gero, garaipena argia izan da, beste faboritoa, Atzerri ministro izandako Marcelo Ebrard, batez beste inkestan erantzun dutenen %25,8k izan baitute lehentasun.

Eta, hain justu, Ebrard izan da barne prozesuaren azken orduetako beste protagonistetako bat, Sheinbaumen garaipena onartu ez duen hautagai bakarra izan baita. Beste laurak emaitzen berri emateko ekitaldian izan dira, baina Atzerri ministro ohia ez, eta aukeraketa prozesua berriz egiteko eskatu du, irregulartasunak izan direlakoan; alderditik ateratzeari ere atera ireki dio, baina, oraingoz, ez du baieztatu halakorik egingo duenik.

Agerraldia ospakizunerako unea izan arren, Morenaren presidentegai hautatuak ezinbestean erreferentzia egin behar izan dio lehiakideak salaturikoari. «Demokraziak irabazi» duela esateaz gain, Sheinbaumek adierazi du «batasuna oinarrizkoa» dela, eta «ateak beti irekita» daudela; Ebrardi gonbita egin dio, hortaz, alderdian geratzeko. Eta presidentegai hautatua berehala jarri da hauteskundeetara begira, «irabaziko» dutelako mezua behin eta berriz errepikatuta.

Edonola ere, barne prozesuak agerian utzi du Lopez Obradorren agintaldia amaitzean Mexiko Hiriko alkate izandakoak zailtasunak izan ditzakeela barne kohesioa mantentzeko. Sheinbaumek jarraipenaren presidentegaitzat aurkeztu du bere burua, eta hori, behintzat, aldeko izango du datozen hilabeteetarako; estatuburuaren babesa ere badu, ezinbestekoa bozak irabazteko aukerarik izateko.

Galvez, ezezagunago

Morenaren presidentegaiarekin konparatuta —hogei bat urte egin ditu politikan—, oposizioaren hautagaiak kontra du ez dela hain ezaguna. Hori bai, Galvez hedabideetan oihartzun handia izaten ari da hilabeteotan, eta baliteke hori baliatzea bere hautagaitza sendotzeko.

Sheinbaumi aurre egiteko, oposizioak eta, batez ere, alderdi tradizionalek koalizioan aurkeztea erabaki zuten. Mexikoren Aldeko Fronte Zabala deitzen da, eta hori osatu dute PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiak, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak eta PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak, joan den ekain amaieran jakinarazi zutenez.

Morenak, berriz, aliatu izango ditu PVEM Mexikoko Alderdi Berde Ekologista eta PT Lanaren Alderdia. Datorren ekainaren 2ko hauteskundeetan presidentea eta Kongresuko bi ganberetako —Diputatuen Ganberako eta Senatuko— ordezkariak aukeratuko dituzte; Lopez Obradorrek botoen %53,19 bildu zituen 2018an, eta haren alderdiak, 191 diputatu —500dik— eta 55 senatari —128tik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.