COP26ko akordioetako lehenbiziko zirriborroak ez du biltzen emisioak eta erregai fosilak mugatzeko neurririk

Greenpeacek jakinarazi du dokumentuak egoeraren «larritasunaz» ohartarazten duela, baina salatu du gabezia asko dituela; ez da aipatzen petrolioaren eta ikatzaren erabilera murrizteko mugarik, besteak beste. «Zirriborroa hain ahula dela ikusirik, honek ez du batere itxura onik», kritikatu du erakundeak.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, joan den astean, Glasgown. EMILY MACINNES / POOL
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 9a
11:33
Entzun

Klima larrialdiari kontra egiteko neurriak adostea da COP26 nazioarteko goi bileraren helburu nagusi. Aurreikuspen gehienen arabera, esperotakoa zen traba ugari izatea akordioak erdiesteko. Egun, baina, susmoak oraingoz betetzen ari direla azaleratu du Greenpeacek argitaratutako dokumentuak. Goi bilkuran eztabaidatutakoetatik abiatuta ondutako zirriborroa da. Hartan, ez da ageri neurri zehatzik; ez dute bildu CO2 isuriak murrizteko mugarik, ez ikatza baztertzeko konpromisorik, ez petrolioaren erabilerari ezarritako mugarik, bestea beste. Funtsean, hizpide izandakoak egoeraren larritasuna nabarmentzera mugatu direla ondorioztatu du Greenpeacek; hitzak izan dira, baina ez da jaso ekintza zehatzik.

Negoziazioetan hitz egindakoaren isla da zirriborroa, finean. Haren arabera, Glasgown (Eskozia), munduko hainbat herrialdetako ordezkariek aski argi azaldu dute neurriak «urgentziaz» hartu behar direla. Halaber, 2020tik 2030era arteko hamarkada «kritikoa» izanen dela dio dokumentuak, Parisko Hitzarmena betetzeari dagokionez. Adierazi dute, bestalde, «ongi etorriak» izanen direla NBE Nazio Batuen Erakundearen barreneko IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ondutako txostenak. Hain zuzen, IPCCko 6. txostenaren egile nagusi Sergio H. Faria elkarrizketatu zuen BERRIAk joan den astean. Hizketaldian, azpimarratu zuen berriztagarrien trantsizioa, erregai fosilen erabilera mugatzea, metano isurketak gutxitzea eta CO2 gehiago xurgatzea ezinbestekoak direla klima aldaketaren kontra egiteko.

Ikusi gehiago: «Atmosferan pilatutako CO2aren erdia azken 30 urteetan isuritakoa da»

Hankamotz da dokumentua, ordea: diagnostikora mugatua baita, hein handi batean. Hain zuzen, zirriborroan jasotakoa hain ahula dela ikusirik, aski kritiko azaldu da Greenpeace. Berotegi efektuari kontra egiteko neurririk ez dela ohartuta, «oso kezkatuta» daudela azaldu du erakundeko zuzendari Jennifer Morganek. «Ez du batere itxura onik. Tenperaturaren igoera 1,5 gradukoa baino handiagoa izan ez dadin, ezinbestekoa da erregai fosilak deuseztatzea», adierazi du. Gainera, erakundeak azpimarratu du negoziazio batzuetatik ateratako lehenbiziko zirriborroek handinahiak behar luketela izan, ohikoa baita ondotik horien gainean aldaketak egin eta moldaketak egitea. Dokumentua jada hain ahula izanik, are murritzagoa izan liteke azkeneko emaitza, erakundearen iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.