Europako Batasunak jarrera aldatu beharra daukala adierazi zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, nazioarteko auziei dagokienez, behintzat: «Europak ezin du zaharkitutako nazioarteko ordenaren zaindari izan». Bada, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea nabarmen aldendu da Von der Leyenek atzo hartutako bidetik. Are, kontra egin dio; arauetan eta nazioarteko eskubidearen defentsan oinarritutako nazioarteko sistema baten alde egin baitu Costak. NBE Nazio Batuen Erakundearen garrantzia ere azpimarratu du.
Von der Leyenek hitzaldi bat eman zuen atzo, Bruselan, EB Europako Batasuneko 27 herrialdeetako enbaxadoreen aurrean —urtero egiten dute konferentzia hori—, eta esan zuen formatu tradizionalak «eraginkorrak» ez direnean «garaiko krisirik larrienak konpontzeko moduak» aurkitzea dagokiola nazioarteari. «Ezin dugu pentsatu arauetan oinarritutako sistema dela gure interesak defendatzeko modu bakarra. Ezta arau horiek mehatxu konplexuetatik babestuko gaituztela ere».
Era berean, Europako Batzordeko buruak esan zuen aldaketa ugari egon direla azkenaldian munduan. Horregatik, adierazi zuen «hausnarketa bat» egin beharra dagoela, aztertzeko Europako Batasunaren doktrinak, instituzioek eta erabakiek ahalmena izan duten edo ez aldaketa horiek gaur egun daukaten «erritmoari» jarraitzeko.
Von der Leyenek hitz egin zuen agertoki berean hitz egin du Costak, eta, Europako Batzordeko buruari erantzunez, berretsi du ezen, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak eta Txinak «errealitate berri bat» marraztu duten honetan, Europako Batasunak «arauetan oinarritutako nazioarteko ordena» defendatu behar duela, eta ordena horren zaindari izan. Europar Kontseiluko buruaren esanetan, Europako Batasunaren atzerri politikak «multidimentsionala» izan behar du, eta «nazioarteko komunitatearekin modu aktiboan kolaboratu, NBE Nazio Batuen Erakundearen Gutunean eta nazioarteko zuzenbidean ezarritako printzipioak defendatzeko».
Bestalde, Costak adierazi du nazioarteak ezin duela onartu nazioarteko eskubideen inolako urraketarik, «dela Ukrainan, Groenlandian, Latinoamerikan, Afrikan, Gazan, edo Ekialde Hurbilean», ezta giza eskubideen urraketarik ere, «dela Iranen, Sudanen edo Afganistanen». Horregatik, gaineratu du Europako Batasunaren interesekoa dela mundua «arauetan eta elkarlanean» oinarrituta egotea eta, horrela, «munduaren zatiketa handiago bat» eragoztea. «Askatasuna eta giza eskubideak ezin dira bonben bitartez eskuratu», gaineratu du.
«Aktibo estrategikoa»
NBEri ere egin dio erreferentzia Europar Kontseiluko presidenteak. Zehazki, esan du NBE «eraberritu» beharra dagoela, baina ezin dela, inolaz ere, beste erakunde batengatik aldatu. «Sistema multilateralaren giltzarri izaten jarraitu behar du», ohartarazi du.
Talde komunitarioaren «autonomia eta elkartasuna» goraipatu ditu Costak gaur goizean egindako agerraldian, eta Zipreren adibidea erabili du horretarako. Europako Batasuneko herrialde horrek Ekialde Hurbilean abiatu den gerraren ondorioak jasan zituen iragan astean. Izan ere, drone batekin eraso egin zioten Erresuma Batuak Akrotiri hirian daukan base militarrari. Bada, Costaren esanetan, «oso azkar» erantzun zuten Espainiak, Frantziak, Greziak eta Italiak, tropak Ziprera bidalita. «Munduan polarizazioa eta zatiketa besterik ez dagoen honetan, Europaren ikuspegi globala benetako aktibo estrategikoa da», gaineratu du.