Ekintza terroristekin lotura edukitzea egotzita, Costa Rican sartzea debekatu diote Francesca Albanese NBE Nazio Batuen Erakundearen Palestinarako kontalari bereziari. Ezarri dioten debekua «lotsagarritzat» jo du Albanesek. Costa Ricako migrazioko agintarien esanetan, «nazioarteko alerta bat» dago emana NBEko funtzionarioaren gainean. Ez dute zehaztu, ordea, zeintzuk diren ekintza terrorista horiek.
Albanese Erdialdeko Amerikako herrialde horretara joatekoa zen, Costa Ricako Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu behar baitzuen. Baina sarrera ukatu zioten atzo gauean, jada San Jose hiriburuko aireportuan zela. Albanesek X sare sozialean mezu bat idatziz erreakzionatu du. «Inperioa ezagutzen duzu haren nerbioak ikutzen dituzunean, edo haren mugak zeharkatzen dituzunean». Frantziatik heldu zen Costa Ricara.
Costa Ricako Migrazioko zuzendari Omer Badillak hartutako erabakia justifikatu du bideo batean: «Garrantzitsua da ondokoa nabarmentzea: kasu honetan bezala segurtasun nazionala arriskuan dagoenean, gure Poliziak zehatz-mehatz aplikatzen du ordenamendu juridikoa».
Agintarien erabakiaren berri eduki ondoren, Fronte Zabala Alderdiak habeas corpus-a eskatu zuen Auzitegi Konstituzionalean, Albaneseri utzi diezaioten herrialdean sartzen. Konstituzionalak jakinarazi zuen prozedura abiatu duela eta kautelazko neurri bat ezarri, zeinak eskatzen dien agintariei neurriak hartzeko Albanese herrialdetik joan ez dadin magistratuek auziaz ebatzi arte, ez bada hark bere borondatez alde egin nahi duela.
Eskuinak agintzen du Costa Rican 2022tik, eta ordutik Israelen aldeko jarrera eduki du nazioarteko foroetan. Laura Fernandez Delgado da presidentea aurtengo maiatzetik. Donald Trump AEBetako presidentearen aliatua da, eta Israelekin harreman komertzialak estutzea du asmo.
Hain zuzen, Albanesek esan dio Costa Ricako Semanario Universidad aldizkariari pentsatzen zuela Israel zela sarrera ukatzen zion herrialde bakarra —persona non grata izendatu zuen 2024an—. AEBek zigor ekonomikoak ezarri izan dizkiote. «Ez gaude AEBetan. Herrialde burujabe bat da Costa Rica?», galdetu du Albanesek.
Bien bitartean, Danny Danon Israelek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak erabakia txalotu du.