Crew Dragon kapsula ISSra heldu da

Atzo gauean espazioratu zuen NASAk Falcon 9, SpaceX konpainia komertzialaren suziria.  

Kapsula Nazioarteko Espazio Estaziora egokitu den unea. NASA TV HANDOUT / EFE
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 31
15:07
Entzun

Joan den asteazkenean aireratzea bertan behera geratu ondoren, bart gauean, 21:22ean, arazorik gabe aireratu da NASAren Falcon 9 espazio suziria, Cabo Cañaveralgo (Florida) Kennedy espazio zentrotik. AEBetako Espazio Agentziak bi astronauta bidali ditu espaziora. Bederatzi urte ziren horrelakorik egiten ez zuela. Space Exploration Technologies (SpaceX) konpainia komertzialaren suziri bat da jaurti dutena, eta Doug Harley eta Bob Benhken NASAko astronautak doaz suziriaren puntan dagoen Crew Dragon kapsulan. "Guretzat ohore bat da AEBek espazio jaurtiketen merkatuan berriro egoteko egin duen ahalegin handi honetan parte hartzea", esan du Behnkenek aireratu aurretik.

Atzerako kontaketa amaitu baino zazpi minutu lehenago jaso dute aireratzeko oniritzia astronautek. Eguraldiagatik berriro atzeratzeko aukera handia zen, baina onera egin du orduan. Jaurtiketak bederatzi minutu iraun du, Lurretik 200 kilometrora propultsio motorrak martxan jarri diren arte. Aireratu eta hamabi minutura, suziria eta kapsula erabat banatu dira, eta ISS Nazioarteko Espazio Estazioranzko norabidea hartu du. Bi astronautek sei eta hamasei aste bitartean pasako dituzte, han zenbait ikerketa tekniko eta zientifiko egiten. Suziria arazorik gabe itzuli da, eta aireratu eta 11 minutu pasatu ondoren heldu da Itsaso Barean dagoen Horixe maite zaitudala plataformara.

Crew Dragon kapsula 16:16 aldera iritsi da ISSra, aireratu eta hemeretzi ordura. Hau izan da unea:

Misio honek arrakasta badauka, NASAk egiaztatuko du SpaceX konpainia komertzialak gaitasuna duela jendea espaziora bidaltzeko, eta horrek aro berri bat ireki dezake espaziorako bidaietan. Elon Musk da konpainiaren jabea, Tesla luxuzko auto elektrikoen konpainiaren sortzailea. Hurrengo jaurtiketa abuztuaren 30erako dago iragarrita. NASAren berezko misioak hasiko dira orduan, bederatzi urtez berezko jaurtiketarik egin gabe egon ondoren; denbora horretan Errusia behar izan du espaziora astronautak bidaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.