Kataluniako prozesu subiranista

CUPeko zerrendaburu Bañosek uko egin dio diputatu izateari

Atzoko erabakia "defendaezina" egiten zaiola argudiatu du. Hilaren 9an amaituko da Generalitateko presidentea aukeratzeko epea, eta, adostasunik ezean, hauteskundeak egin beharko dituzte berriro. Junts Pel Siren esku dago orain beste hautagai bat aurkeztu edo bozak aurreratzea. Koalizioko kide CDC eta ERC alderdiek bilerak egingo dituzte gaur, zer jarrera hartu erabakitzeko. Masek agerraldia egingo du bihar.

Antonio Baños CUPeko kidea.
Oihana Elduaien Uranga.
2016ko urtarrilaren 4a
07:20
Entzun

Arrazoi "erabat" politikoak aipatu ditu CUPeko talde parlamentarioko buru Antonio Bañosek diputatu izateari uzteko. Atzo CUPek harturiko erabakia defendatzeko gai sentitzen ez delako egin dio uko diputatu izateari. Egoerak "frustrazio handia" eragiten diola adierazi du.

Politikan aritzeko bere helburua "Espainiarekin haustea" dela nabarmendu du, eta, beraz, indepentismoa indartzeko lanean jarraituko duela iragarri du.

Hauteskunde kanpainan behin eta berriz esan zuen CUPek ez zuela Artur Mas aukeratuko Generalitateko presidente, eta halaxe egitea erabaki zuten atzo alderdiko militanteek. Orain, bi aukera daude: Junts Pel Sik presidentegai berri bat aurkeztea, edo hauteskundeak aurreratzea. Adostasunerako tartea badagoela dio CUPek, hautagaia aldatu besterik ez dagoela. Zehazki Oriol Junqueras edo independenteren bat aurkezteko eskaera egin dio Anna Gabriel legebiltzarkideak Junts Pel Siri. Kasu horietan, baiezko botoa bermatuta daukatela. Baina, koalizioak gogor eutsi dio Masen hautagaitzari, orain artean bederen. Eta jarrera horri eutsiko diotela errepikatu zuten atzo ere hango kideek.

CDC eta ERC dira Junts Pel Si koalizioko kide nagusiak, eta bi alderdietako zuzendaritzek bilerak egingo dituzte gaur, bakoitzak bere aldetik. Eguerdian bilduko dira CDCkoak eta 18:00etan ERCkoak. Orain, ikusteko dago hautagaia aldatu edo hauteskundeak aurreratuko dituzten.  Gaurko bileren ostean, bihar argitu daitezke gauzak, Masek berak agerraldia egingo baitu egoeraren azterketa egiteko. Kataluniako Gobernuaren bileraren ostean agertuko da prentsaren aurrean. CDCren bilerara sartu aurretik, ordea, hitz batzuk egin ditu Masek: "Madrili eta bertako indarrei aurre egiteko gogoz nago".

Urtarrilaren 9an Generalitateko presidenterik ez badago, 10ean legebiltzarra desegingo da automatikoki, eta hauteskundeak egin beharko dituzte berriro. Martxoan egingo lirateke hauteskunde horiek. Hala izateaz, ikusteko dago Junt Pel Si osatu duten alderdiak berriro batera aurkeztuko diren edo ez, eta hala izatekotan zein hautagai izango duten. Katalunian abiatutako prozesu subiranistarekin zer gertatuko den ere ikusteko dago, hauteskunde horiek prozesuarentzat bultzada edo galga gisara ere neurtuko baitira.

Emaitza estua

Emaitza estua izan zen atzo CUPen Kontseilu Politikoko bozketan: 36 boz izan ziren Mas babestearen kontrakoak, 30 babestearen aldekoak eta abstentzio bat. Hala, inbestidura saioa egiten bada, CUPeko 10 diputatuak bozketan abstenitzea erabaki zuten. Alderdiak arrakala sortu du erabakiak. Orain arte alderdiko aurpegi ezagun izan diren Antonio Baños eta Anna Gabriel legebiltzarkideak ez ziren prentsaren aurrean azaldu atzo,eta David Fernandez legebiltzarkide ohia ez zen Kontseilu politikora joan.

Gabrielek Catalunya Radion hitz egin du gaur, eta esan du, beraien asmoa ez dela hauteskudeak aurreratzea. Hori Junts Pel Siren esku dagoela nabarmendu du, eta hautagaia aldatzeko eskatu dio. ERCko Oriol Junqueras edo Raul Romeva aurkeztea aukera onak izan daitezkeela esan dio koalizioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.