Kolonbiako tokian tokiko agintariek gaur arratsaldean emandako datuen arabera, gutxienez 240 lagun hil dira dagoeneko atzo Kolonbian izandako lurrikararen ondorioz. Abelardo de la Espriella Kolonbiako presidentea Pereiran dago, lurrikarak gogor astindu duen hirietako batean, eta kazetarien aurrean esan du gutxienez 181 direla hildakoak.
Presidentea nazioari mintzatu zitzaion atzo diskurtso bat emanez, eta, besteak beste, esan zuen Kolonbiako Gobernuak «bere esku dauzkan baliabide guztiak» erabiliko dituela «kaltetutako komunitateei laguntzeko eta behar den lekuan laguntza emateko». Gaur arratsaldean adierazi duenez, 2.500 zauritu baino gehiago daude herrialde osoan zehar, ia berrehun desagertuta daude, milatik gora eraikin «suntsitu» dira, 48 eraikin erori egin dira, eta zortzi mila etxebizitza kaltetuta daude,baita 800 eskola inguru ere. «Aurreneko 48 orduek berebiziko garrantzia daukate eroritako eraikinen hondakinen artean harrapatuta daudenak bizirik erreskatatzeko», adierazi du, berriz, goizean.
Herrialdearen mendebaldean izan zuen jatorria hondamendiak, Choco departamentuko San Jose del Palmar herrian, Bogota hiriburutik 400 kilometrora, baina inguruan ere kalte handiak eragin zituen. Richter eskalako 7,4 gradukoa izan zen lurrikara —duela hilabete eta erdi inguru Venezuela astindu zuten bi lurrikarak antzekoak izan ziren: 7,2koa eta 7,5ekoa—, eta gutxienez 47 erreplika zenbatu zituzten. Pereira, Cali, Quibdo, Manizales eta Armenia dira kalte gehien izan dituzten hiriak, eta alerta gorrian daude orain. Armadako erreskate alorreko 180 kide hedatu dira bertan, hondakinen artean harrapatuta daudenak ateratzeko. Uste dute hildako gehiago izango direla.
🇨🇴 The moment the Cathedral Basilica of Our Lady of the Rosary in Manizales, Colombia, partially collapsed during the powerful 7.4-magnitude earthquake. pic.twitter.com/BzqUSPq1GT
— Visegrád 24 (@visegrad24) August 10, 2026
Calin, esaterako, herrialdeko hiri handietan hirugarrenean, etxeratze agindua ezarri zuen atzo hiriko alkate Alejandro Ederrek atzoko 20:00etatik gaurko 06:00ak arte; eta, egoera «larria» dela argudiatuta, militarrek hiria hartu dute. Alkateak azaldu zuenez, neurriaren helburua da erreskate zerbitzuetako langileen «joan-etorriak eta segurtasuna bermatzea» eta bidea erraztea hondakinen artean harrapatuta daudenak «bilatzeko eta erreskatatzeko ahaleginak egin ditzaten».
Caliko ospitaleak, gainera, alerta gorrian daude. Hala adierazi du German Escobar hiriko osasun idazkariak. Izan ere, azaldu du ospitale horiek 456 zauritu artatu dituztela, eta erabat beteta daudela. Escobarren arabera, lau erietxe handi «guztiz hustu» behar izan dituzte, eta karpak prestatu dituzte inguruko belardietan zaurituak artatu ahal izateko.
Lurrikara txikiak ohikoak izaten dira Kolonbian —temblor esaten diete han, dardara euskaraz—. Baina gutxitan gertatu dira Richter eskalako 6 gradu baino gehiagoko lurrikarak. Aipagarrienetako bat 1999an gertatu zen, Armenia hiriaren inguruan —6,1 gradukoa izan zen Richter eskalan—. 1.185 lagun hil ziren hondamendi hartan, 8.500etik gora zauritu ziren, eta ia 36.000 etxebizitza suntsitu zituen lurrikarak.
Powerful 7.4-magnitude earthquake hits Manizales, Colombia 🇨🇴 (10.08.2026)pic.twitter.com/pmcAFyWQbp
— Disaster News (@Top_Disaster) August 10, 2026
«Inoizko lurrikararik luzeena»
Calin harrapatu du lurrikarak Ayem Oskoz EH Bilduko legebiltzarkidea. Bakarrik dago han, eta ohean zegoela sentitu zuen lurrikara. «Ez nekien zer zen lurrikara bat, ez baitut inoiz halako egoerarik bizi izan», adierazi du. Azaldu duenez, bi minutu inguru iraun zuen dardarak, eta, hangoen esanetan, «inoiz sentitu duten lurrikararik luzeena» izan zen. «Nik zarata moduko bat sentitu nuen. Hasieran, pentsatu nuen kamioiren bat edo hoditeria izango zela. Baina ohea mugitzen hasi zen, eta orduan iritsi zitzaidan lurrikaren alarma sakelakora».
Oskozek kontatu du hotelean berehala entzun zituela langileen oihuak, bertatik atera beharra zegoela esanez. Berehala jaitsi zen Oskoz ere, baina ez aurretik pasaportea hartu gabe: «Azkar batean jaitsi ginen. Susto handia hartu nuen, baina nire kezka handienetako bat zen pasaportea ez galtzea».
Oskozen esanetan, anbulantzien sirena mordoa entzun zen gerora, baina bera dagoen lekuan «nahikoa bare» egon dira gauzak une oro. «Hasieran, ordubete inguru egon ginen kalean, erreplikak ere sentitu genituen, eta familiarekin hitz egiteko baliatu genuen tartea denek. Mundu guztiak zeraman sakelakoa eskuan», gogoratu du.
Lurrikara gertatu zen ordua —07:34an gertatu zen— «lantokian sartzeko ordua» dela azaldu du Oskozek, baina inor gutxik ireki zuen lantokia atzo. Adierazi duenez, museoek eta dendek ez zuten aterik zabaldu, eta taberna gehienak itxita eduki dituzte azken orduetan. Cali oso hiri handia da, baina «paralizatuta» dagoela nabarmendu du Oskozek: «Badu antzekotasunik pandemia garaiarekin. Jendea etxean sartuta dago, telebistari begira, azken berrien zain».

Zortea izan du Oskozek, baina sustoa ez zaio berehalakoan pasatuko. Izan ere, larunbatean Manizales hiriko Nuestra Señora del Rosario katedrala bisitatu zuen, eta atzo erori egin zen. Gainera, igandean Calira joan aurretik Pereira hiritik igaro zen lehenago —Calin eta Pereiran hil da jende gehien lurrikararen ondorioz—. Igandean 15:30ak aldera atera zen handik, eta ordutik hamasei ordu ingurura gertatu zen hondamendia.
Zorionez, Oskozek azaldu du inguruan ez duela ezer larririk ikusi, «hondakinek eragindako kalteengatik itxitako errepideren bat, besterik ez». Orain, baina, Calitik atera nahi du. «Ikusi dut Bogota nahiko lasai dagoela. Ez dakit errepideak nola egongo diren, baina hemendik atera nahi dut», adierazi du.