Lurrikara bat izan da Kolonbian, eta ehun lagun baino gehiago hil dira

Richter eskalako 7,4 gradukoa izan da lurrikara, eta herrialdearen mendebaldea astindu du. De la Espriella presidenteak larrialdi nazionala ezarri du, eta larrialdi batzorde batera deitu du kalteak aztertzeko.

Hainbat eta hainbat lagun Cali hiriko hondakinen artean, gaur. ERNESTO GUZMAN / EFE
Hainbat eta hainbat lagun Cali hiriko hondakinen artean, gaur. ERNESTO GUZMAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko abuztuaren 10a
20:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi lurrikara gogorrek Venezuela astindu eta hilabete eta erdi eskasera, hondamendia gertatu da Kolonbian ere, eta ehun lagun baino gehiago dira herrialdearen mendebaldean, Abelardo de la Espriella presidenteak eman berri dituen datuen arabera. «Jesu Kristoren esku utziko dut herrialdea», esan DU estatuburu ultraeskuindarrak, Bogotan DELA, eta larrialdi nazionala ezarri du.

Tokian tokiko agintariek ere eman dute hildakoen berri: Pereira hiriko alkateak La FM irrati katean adierazi du gutxienez 47 hil direla; Caucako Harana departamentuko gobernuak jakinarazi du 27 hil direla bertan; Choco departamentukoak, berriz, lau hildakoren berri eman du; gutxienez beste hiru lagun ere hil dira Manizalesen, hango alkateak Blu Radio irrati katean esan duenez; eta Buenaventurako alkateak beste hildako baten berri eman du.

07:34an jazo da lurrikara —12:34 Euskal Herrian—, eta Richter eskalako 7,4 gradukoa izan da; Kolonbia mendebaldeko Choco departamentuan izan du jatorria, San Jose del Palmar herrian, hain zuzen. Departamentu horretako hiriburuan, Quibdon, dozenaka eraikin erori dira, eta hainbat lagun zauritu. Horrez gain, aldameneko departamentuetan ere kalteak eragin ditu astinaldiak. Cali hiriko alkateak ohartarazi du gutxienez hogei bat eraikin erori direla, eta jendea harrapatuta dagoela hondakinen artean. Sare sozialetan idatzi duen mezu batean, jakinarazi du laguntza eskatu diela Bogotari eta Medellini, erreskate zerbitzuak bidal ditzaten. Gutxienez 1.575 eraikin kaltetu eta 61 bota ditu lurrikarak, herrialdeko gobernuak arratsaldean emandako datuen arabera. Panaman, Ekuadorren eta Venezuelan ere erregistratu dituzte dardarak.

Abelardo de la Espriella Kolonbiako presidenteak Calin egin zuen inbestidura saioa, ostiralean, eta larrialdi batzorde batera deitu du lurrikarak eragindako kalteak-eta aztertzeko. «Ez daude bakarrik. Estatua bertan dago, eta beharrean ari da», idatzi du sare sozialetan. Beste mezu batean esan du «biziki minduta» dagoela, eta egoerari aurre egiteko «ardura» bere gain hartu duela: «Kolonbia bat eginda dago, eta elkarrekin egingo dugu aurrera».

Bestalde, lurrikarak kalteak eragin ditu gutxienez zazpi aireportutan, Cali Pereira, Manizales, Quibdo, Armenia, Cartago eta Buenaventura hirikoetan, hain zuzen. Hegaldiak bertan behera utziko dituzte azpiegiturak aztertu arte, Kolonbiako aireportuak kudeatzen dituen Aerocivil erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez.

Latinoamerikako hainbat herrialdek laguntza eskaini diote Kolonbiari. Ohar bidez, Venezuelako Gobernuak jakinarazi du erreskate zerbitzuak eta laguntza humanitarioa bidaltzeko prest dagoela. Jose Antonio Kast Txileko presidenteak sare sozialetan idatzi du Kolonbiak «behar duena» eskainiko diola: «Txilek ondo ezagutzen du lurrikarek eragiten duten mina, baita sortzen dituzten erronkak ere». Jose Raul Mulino Panamako presidenteak sare sozialetan idatzi du «ahal den neurrian» lagunduko diotela bizilagunari; Boliviako Atzerri Ministerioa antzeko mintzatu da komunikatu baten bidez.

Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak «elkartasuna» adierazi dio Kolonbiari sare sozialetan, eta erreskate zerbitzuetako 47 kide hara joateko prest daudela nabarmendu du, astebetez aritu daitezen. Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak sare sozialetan idatzi du «berehala» laguntzeko pronto daudela.

Halaber, Marco Rubio Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak sare sozialetan esan du kolonbiarrei eta De la Espriella presidenteari laguntzeko prest daudela. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren bozeramaileak, Farhan Haqek, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan adierazi du «behar den bezala» lagunduko diotela Kolonbiari.

Jaurlaritzak esan du onik daudela Pereiran LAN EGITEN DUTEN hiru euskal herritar

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gaur arratsaldean jakinarazi duenez, onik daude Pereiran laguntzaile lanetan diharduten hiru euskal herritar gazte. Kolonbia erdialdeko hiri horretan egiten dute lan, Hermanas Pasionistas harrera etxean. Lurrikara jazo denean ez zeuden Pereiran, asteburua Medellinen igaro dutenez gero. Beren senideekin hitz egin duela adierazi du Jaurlaritzak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA