Damaskoko auzitegi batek heriotza zigorra ezarri dio Al-Assaden lehengusu bati, gizateriaren aurkako krimenak egotzita

Siriako presidente ohiaren ahaide Wasim al-Assad iazko ekainetik dago atxilotuta.

Wassim al-Assad, Siria. SIRIAKO BARNE MINISTERIOA
Wassim al-Assad, Siria. SIRIAKO BARNE MINISTERIOA
2026ko abuztuaren 18a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Damaskoko Zigor Auzitegiak heriotza zigorra ezarri dio gaur Baxar al-Assad presidente ohiaren (2000-2024) lehengusu bati, Wasim al-Assadi. Gizateriaren aurkako krimenak, nahita egindako hilketak eta tortura zigorrak egotzi dizkio, 2011n gerra zibila hasi zenetik estatuaren babespean egindako ekintza kriminalengatik.

Fakhr al-Din al-Aryan epaileak irakurritako epaiaren arabera, frogatuta geratu da Wasim al-Assadek talde armatu irregularrak sortu eta zuzendu zituela Maher al-Assad anaiaren agindupean. Talde horiek parte hartu zuten zibilen aurkako eraso militarretan, eta sarraski ugari egin zituzten. Gainera, auzitegiak agindu du Al-Assad familiaren eta inguruko kideen jabetza guztiak konfiskatzeko, estatuarentzako kalte ordain gisa.

Baxar al-Assad berari eta haren anaia Maherri heriotza zigorra ezarri zieten igaro den astean, in absentia —Errusian erbesteratuta daude—; Wassim da epaimahai baten aurrean epaitu eta zigortu duten lehenengo senitartekoa. Estatu indarrek 2025eko ekainean atxilotu zuten, Libanoko mugatik gertu, herrialdetik ihes egiteko ahaleginean ari zela.

Auzitegiak, halere, absolbitu egin du Kaptagon botika sintetikoaren droga trafiko akusaziotik, froga nahikorik ez zegoela ebatzita, nahiz eta nazioarteko erakundeek, AEB Amerikako Estatu Batuak eta Europako Batasunak zigortu duten krimen horregatik.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA