Baltikoan Danimarkaren helikoptero bati eraso egin izana egotzi dio Kopenhagek Moskuri

Danimarkako helikopteroaren jarrera «axolagabea» salatu du Moskuk. Erasoan ez da biktimarik izan. Drone bat erorarazi dute Lituanian.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa agerraldi batean, atzo. HENNING BAGGER / EFE
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa agerraldi batean, atzo. HENNING BAGGER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 15a
16:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi aste Errusiaren eta Alemaniaren arteko tentsioak egin zuen gora, Berlinek Moskuri leporatu baitzion abuztuan Leipzigeko aireportuan izaniko erasoen atzean egotea. Bada, azken orduetan Danimarkaren eta Errusiaren arteko tentsioa areagotu da. Danimarkak Moskuri egotzi dio Errusiako armadaren ontzi batek Danimarkako armadako helikoptero bati eraso egin ziola atzo Itsaso Baltikoan, nazioarteko uretan, horretarako bi bengala jaurtita. Gertakariak ez du ez biktimarik eta ez kalterik eragin.

Danimarkako armadak gaur eman du gertatutakoaren berri, ohar batean. Horren arabera, beren helikopteroa «errutinazko argazki batzuk» egiten ari zitzaion Errusiako fragatari, Gedsen inguruan (Danimarka). Orduan jaurti zituzten bi bengala fragatatik, eta horiek, komunikatuak dioenez, helikopterotik metro eskas batzuetara pasatu ziren. Lars Lokke Rasmussen Atzerri ministroak X sare sozialean esan du «onartezina» dela gertatutakoa, eta Errusiak Kopenhagen duen enbaxadore Vladimir Barbin deitu dute.

Hura Danimarkako DR irrati katean mintzatu da, eta esan du Danimarkaren helikopteroak jarrera «axolagabea» eduki zuela. Kopenhageri aurpegiratu dio, bide batez, ez duela ahaleginik egin egoera areago «larriagotu» ez dadin. Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek esan du, ohar batean, Errusiako ontziaren helburua helikopteroan zihoazenak «beldurtzea» zela. Horrekin lotuta, Defentsa ministro Jeppe Bruusen hitzak jaso ditu Reuters berri agentziak, eta hark nabarmendu du erasoaren aurretik Errusiak ez zuela ohartarazpenik egin, irrati bidez harremanetan jartzen ere ez zela ahalegindu.

Lituanian, bestalde, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko gerra hegazkinek drone bat erorarazi dute gaur goizaldean. Hori jakinarazi du hango presidente Gitanas Nausedak. Gertatutakoa ikertzen ari dira, eta iturri ofizialek azpimarratu dute Bielorrusia herrialde mugakidearekin jarriko direla harremanetan, Minskek adieraz dezan zer dakien erasoaz.

Bitartean, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Errusiaren «jarrera axolagabea eta arriskutsua» gaitzetsi du. X sare sozialean idatzitako mezu batean, Danimarkako erasoaren erantzule ez ezik, Lituaniakoaren erantzule ere egin du.

Erasoak energia azpiegiturei

Goizaldean, Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri du Errusiak eta Ukrainak akordio bat egin dutela, biek ala biek ez diezaioten etsaiaren energia azpiegiturei eraso egin. Baina ez batak, ez besteak ez dute ontzat eman Truth Socialen egindako iragarpen hori, elkarri eraso egin baitiote gaur goizaldean.

Errusiak bi gasolindegi jo ditu gaur Kieven, eta Ukrainaren eraso batek Samara eskualdeko findegi bat izan du helburu Errusian. Hori bai, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan esan du erasoak eteteko prest dagoela, Errusiak gauza bera eginez gero. Eta Moskuk ez du tregoa hori baieztatu, eta Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailea mugatu da esatera «oso ona» iruditzen zaiola Trumpen ideia.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA