KATALUNIA

Dantzaldiaren hasieran daude Katalunian

Hilabete barru hasiko dute hauteskunde kanpaina, eta Puigdemonten itzulera iragarpenak, ‘Koldo auziaren' bilakaerak, alderdi independentista hegemonikoen arteko lehiak eta, besteak beste, jasaten ari diren lehorteak eragina izango dute.

PERE ARAGONES.  SALVADOR ILLA. KATALUNIA.
Pere Aragones (ezkerrean) eta Salvador Illa, Kataluniako Parlamentuan, joan den urtarrilaren 24an. TONI ALBIR / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 21a
05:05
Entzun

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak jada deituta daude datorren maiatzaren 12rako, baina emaitzak zerk baldintzatuko dituen esateko «goizegi» dela ohartarazi du Jordi Muñozek, eta, hortaz, espekulatzen ari dela esan du erantzun bat baino gehiago ematerakoan. Iruditzen zaio asteak pasatu ahala argituz joango dela, eta bozetan eragin dezaketen aldagai batzuk aipatu ditu, telefonoz: Carles Puigdemonten itzulera posiblearen iragarpenaren ondorioak —haren hautagaitza ia ziurtzat jotzen du—, Koldo auziaren bilakaera, alderdi independentista ez-hegemonikoen bideragarritasuna eta, besteak beste, Katalunian nozitzen ari diren lehortearen garapena eta kudeaketa; Pere Aragones Generalitateko presidentearen esanetan, azken mendeko «okerrena».

Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako Saileko irakasle eta Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroko zuzendaria da Muñoz, eta pentsatzen du dantzaldiaren hasieran daudela Katalunian, eta, Generalitaterako inbestiduran nork nor babestu dezakeen galdetzerakoan, ez du inongo aukerarik baztertzen. «Hori esaten dut azken urteetan gertatutakoagatik —era guztietako formulak ikusi ditugulako udal eta diputazioetan—, Madrilen izandako mugimenduengatik eta gertatutako norabide aldaketengatik. Dena irekita dago». Baita hauteskundeak berriz egiteko aukera ere.

Generalitateko presidenteak bozak aurreratzeak ez, baina aurrekontuetarako akordio bat ez egoteak «ezustean» harrapatu zuen. Eta, Aragonesek iragarpena egin eta berehala, JxC Junts Per Catalunya hasi zen bozetarako jokalekua zedarritzen, ia jakintzat jo baitzuen Puigdemont presidentegaia izango dela —gaur jakinaraziko du erabakia—, eta inbestiduran presentzialki parte hartzeko moduan egongo dela, amnistia legea baliatuta.

Muñozen iritziz, Generalitateko presidente ohia (2016-2017) hautagai izatea ez litzateke berritasun bat, «boz guztietan» izan baita hala. «Berritasuna litzateke etorriko balitz eta atxilotuko balute edo». Uste du presidente erbesteratuaren «zera emozional eta sinboliko hori» duela «indargune» JxCk. «Juntsen [JxC] boto emaileek oso maitea dute Puigdemont; beste ezein alderdiren boto emaileek ez dute horrenbeste maite beren hautagaia. Egia da zirkulu horretatik ateratzen zarenean ez zaiola balorazio bera egiten. Polarizatzen duen ikur bat da, baina hautesleriaren oinarri jakin bat mobilizatzeko gaitasuna du». Nabarmendu du, hori bai, JxCn badirela sektore batzuk kritikoagoak, alderdiak PSOErekin negoziatu duelako, adibidez.

«Juntsen [JxC] boto emaileek oso maitea dute Puigdemont; beste ezein alderdiren boto emaileek ez dute horrenbeste maite beren hautagaia. Egia da zirkulu horretatik ateratzen zarenean ez zaiola balorazio bera egiten».

JORDI MUÑOZCEOren zuzendaria eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea

Horrekin lotuta, 2017ko bozetan ere, Puigdemont jada erbesteratua zegoenean, JxCk agindu zuen telematikoki izendatu ahal izango zutela presidente, are, uneren batean, bueltatuko zen ideia ere elikatu zuen. Ez zen, ordea, ez bata ez bestea gertatu. CEOko zuzendariak pentsatzen du kanpainan hori gogoraraziko diotela beste alderdiek JxCri. «Ez dakit zein eragin edukiko duen [Puigdemont itzuliko den iragarpenak]. Beharbada, berehalako efektu bat izango du, eta bereak ilusionatuko ditu».

Eta iragarpenen edo erabakien ondorioak aipatuta, Muñozen ustez amnistia legeak ez du «higadura handirik» eragiten Katalunian; zehatzago, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko bozkatzaileen artean. Halere, Ciutadans parlamentuan duen ordezkaritza galtzear den honetan, politologoaren hipotesia da oraingo testuinguruan diputatu horiek —sei eduki ditu azken legegintzaldian— PPk «hartuko» dituela. Koldo auziari dagokionez, baliteke PSCk higadura nabaritzea, Salvador Illa presidentegaiari «modu batean edo bestean eragiten dion neurrian».

Elkarri egotziz

Auzi sozial eta ekonomikoetan beharrean, lurraldetasunarenean zentratzekoa da ERC Esquerra Republicanaren eta JxCren arteko kanpainako lehia. «Junts oso kritikoa izan da Esquerraren gobernuarekin. Eta Esquerra, berriz, oso kritikoa Juntsekin, gobernua abandonatu zuelako [2022ko urrian]: arduragabekeria egotzi dio ez ziolako gehiengo independentistari eutsi, garai zail batean alde egin zuelako... Nik uste dut hortik joango dela dialektika». Muñozen arabera, hautagaia Puigdemont ez balitz, litekeena da JxCk gai sozialetara eramatea kanpaina, «zentro-eskuineko plan bat» aurkeztea esanez zergak jaitsiko dituela. Baina JxCk ez du agertu kanpaina horretara bideratzeko asmorik.

Behin amnistia bideratuta hurrengo pausoa erreferendum bat egitea dela ari dira plazaratzen bi alderdi horiek. Aragonesen hitzetan, Madrilekin adostuta. JxCk ere hori planteatzen du, baina adieraziz ez diola uko egingo aldebakarreko bideari. Orain egun batzuk Jordi Turullek elkarrizketa batean esandakoak gogoan, Muñozi iruditzen zaio «ia-ia» Aragonesek esan ohi duena esan zuela JxCko idazkari nagusiak horretan, baina «era pixka bat anbiguoagoan».

CEOk iazko azaroan kaleratutako urteko hirugarren eta azken barometroak zioen independentismoak ez lukeela gehiengo osorik lortuko parlamenturako boz batzuetan; hau da, 68 diputatu. «Gauza bat da inkestak egitea hauteskundeetara deitu ez denean, eta beste bat jendea erabakiz doan heinean», azaldu du organo horretako zuzendariak. Independentismoa Katalunian jada egiturazkoa izanagatik, uste du balitekeela gehiengoa galtzea, aukera bat dela. 

Aliança Catalana eskuin muturrekoa eta Alhora ere, Jordi Graupera eta Clara Ponsati buru dituena, independentistak dira, eta, Muñozen aburuz, Alhora ez bezala —«zailagoa ikusten dut, daturik ez dudan arren»—, baliteke Silvia Orriols presidente duen alderdia «agertzea». «Kanpainan protagonismoa hartzen badu, baliabideak eta presentzia baditu... Immigrazioaren kontrako demagogia horrekin, alderdi hauek Europa guztian azalduz joan dira. Mundu katalanistan ez da halakorik egon, baina alderdi hauen azaleratzea joera makroago bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.