Igor Susaeta.
KATALUNIA

Inor ez dago oso haserre, antza

2024ko martxoaren 15a
05:05
Entzun

Nolabait, Pedro Sanchez imitatu du Pere Aragonesek. Hau da, porrot bat aukera bat bihurtzeko ahalegina egin du. Iazko maiatzean, PSOEk udal hauteskundeetan emaitza txarrak atera ondoren, Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen, hurrengo egunean, Gorteetarako bozak aurreratuko zituela, legegintzaldia bukatzeko oraindik sei hilabete falta ziren arren. Emaitzak ikusita, hautu egokia egin zuela esan daiteke. Kataluniako Generalitateko presidenteak ere beranduenez 2025eko otsailean egin beharko ziren hauteskundeak maiatzaren 12ra aurreratzea erabaki du, Kataluniako Parlamentuak ezin izan dituelako aurtengo aurrekontuak onartu.

Neurri batean, behintzat, Sanchezek rol erabakigarri bat jokatu du aurrekontuak aurrera ez ateratzeko orduan. Izan ere, En Comu Podemen ezezko botoengatik ez dituzte onartu, eta Sumar koalizioaren kide dira Comukoak, nahiz eta Katalunian beren erabaki propioak hartzeko autonomia duten. Moncloak En Comu Podem bultza zezakeen aurrekontuak desblokeatzera; are, bazuen horretarako zilegitasuna, argudiatuta Kataluniako blokeoak Espainiakoa ere eragin zezakeela, azkenean gertatu den bezala, 2024ko aurrekontuak onartzeko ahalegina egiteari uko egin baitiote Madrilen. Hortaz, edo Sanchezek ez du asmatu Comukoak hirugarren batzuen bidez limurtzen, edo ez du indar askorik xahutu nahi izan horretan, etorkizun ez oso urrunerako agertoki posible bat imajinatuta.

Kontuak kontu, ez zirudien, hark egindako keinuen eta erabilitako tonuaren interpretazio ez-zientifiko edo azaleko bat eginez, Aragones oso haserre zegoenik, herenegun, aurrekontuak baztertu eta bizpahiru ordu geroago egindako agerraldian. PSOEkoak ere ez dira espantuka hasi. Bakoitzak bere arrazoiak ditu.

2023ko aurrekontuak luzatuta aurrera jarraitu izan balu, Aragonesek gutxienez beste urte erdi batez egon beharko zukeen jopuntuan, horrek dakarren higatzearekin. Beraz, batetik, hori saihestu du. Eta, bestetik, Kataluniako zenbait hedabidek argitaratutakoaren arabera, ERC Esquerra Republicana barruan egin dituzten inkestek diote 2021eko Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan lortu zituzten emaitzen antzekoak lortuko dituztela boz aurreratu batzuetan. Duela lau urte 33 aulki izan ziren.

ILLA. SANCHEZ. PSC
Salvador Illa eta Pedro Sanchez iazko irailean, PSCren ekitaldi batean. TONI ALBIR / EFE

Hain zuzen, argitaratutako azken zundaketen batezbestekoa eginda —horretarako, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiaren formula bat baliatu du El Periódico de Cataluña-k— PSCk 38 aulki lortuko lituzke, ERCk 32, eta JxC Junts Per Catalunyak 27. 2021ean 33, 32 eta 32 izan ziren, hurrenez hurren.

ERCk pentsatzen du, baina, hurrengo asteetan PSC-k jasan dezakeela higadura: COVID 19-ak eragindako pandemiaren hasieran maskarekin negozioa egiteagatik sortutako Koldo auziak Salvador Illa PSCren presidentegaia zipriztindu dezakeela, orduan Espainiako Osasun ministroa baitzen. Eta errepublikanoek uste dute, gainera, amnistia legea defendatzeak mesede baino kalte egingo diola PSCri.

Sanchezen apustua, baina, Illa da. Gobernuan elkarrekin egon zirenetik ezagutzen du, eta konfiantza du harengan. Eta zer erremedio. Iaz sei erkidego galdu zituen PSOEk, duela aste batzuk emaitza kaskarrak lortu zituen Galizian, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako inkestek adierazten dute ez dela gorabehera handirik egongo. Orduan, Illa Katalunian irabaztera behartuta dago ia-ia, PSOEk sinesgarritasunari eutsi nahi badio eta Sanchezek Moncloan jarraitu nahi badu. Beste kontu bat da presidente izendatu ahal izango zuketen.

Carles Puigdemont berriro presidente izendatzearekin amets egiten dute JxCkoek. Eta JxC eta Generalitateko presidente ohi (2016-2017) erbesteratua jokoz kanpo uzteko nahia ere izan daiteke Aragones bozak aurreratzera bultzatu duten arrazoietako bat. Zeren, aurreikusita bozak 2025eko otsailean izango zirela —Generalitateko presidenteak beti agertu izan du legegintzaldia bukatzeko nahia—, Convergencia desegin ondoren sortutako alderdikoei iruditzen zitzaien, agertokirik baikorrenean, Puigdemontek Katalunian bertan egin ahal izango lukeela kanpaina, behin amnistia legea aplikatuta, horrek duen balio sinbolikoarekin. Bozak maiatzera eramanda, aldiz, ERCk saihestu du, bide batez, Puigdemontek emaitza on bat lortzea Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eta hori berme gisa erabiltzea Kataluniakoetarako kanpainan. 

Ez dago argi Puigdemont izango ote den hautagaia, baina JxCk hori iradoki du; eta esanez inbestidurarako Katalunian egon ahal izango dela, marko jakin bat ere ezarri du datozen asteetako debate, ideia trukerako eta ika-miketarako. Inkestek diote, ordea, JxC gehien bozkaturiko indarretan hirugarrena izango dela —ERCk babestuko luke, atzera, JxCren presidentegai bat Illa ez izendatzearren?—, eta, gainera, egutegia eskuan eta Espainiako epailetzak nola jokatzen duen jakinda, inondik inora ezin da ziurtatu data horietarako Kataluniara bueltatuko denik. Parlamentuak ekainaren 10erako egon beharko du osatuta, eta hamar lanegun izango dituzte lehen inbestidura saiora deitzeko. Ondo bidean, Espainiako Gorteak maiatz bukaeran edo ekain hasieran dira amnistia legea onartzekoak, eta epaileek bi hilabeteko epea izango dute hori gauzatzeko. Bide batez, kanpaina Puigdemonten itzuleran zentratzea arriskutsua izan daiteke JxCrentzat. 2017an, erreferendumaren bestondoarekin, agindu zuen Puigdemont modu telematikoan izendatu ahal izango zutela, eta azkenean ez zen halakorik gertatu. Orduz geroztik, botoak galduz joan da hauteskunde guztietan.

Subiranismoari gauza bera gertatu zaio, eta Kataluniako Parlamentuan gehiengo osoa gal dezake. Gainera, boto independentistaren atomizazioak ez dirudi mesede egingo dionik. Alhora proiektuak (Clara Ponsati eta Jordi Graupera), ANC Biltzar Nazionalak herritarren zerrenda baten bidez eta Aliança Catalana eskuin muturrekoak ere aurkezteko asmoa dute, eta, botoak kentzekotan, JxCri kenduko dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.