Darfurreko gatazkaren ondorioz Txadeko umezurztegietan bizi diren 103 haur handik atera eta Europara eramateko ahalegina egiten ari zirela 16 lagun atxilotu zituen iragan ostegunean Txadeko Poliziak. Haietatik sei, Frantziako L'Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundeko sei kide, ziurrenik espetxeratu egingo dituztela agertu du gaur Mahmat Bachir Barne ministroak, adingabekoen bahiketa eta agiri faltsuak izatea egotzita. "Guretzako bahiketa oso delitu larria da. (Sei lagun horiek) hainbat urterako bidal ditzakegu kartzelara", esan dio Barne ministroak Erresuma Batuko BBC komunikabide sare publikoari.
Guztira 16 lagun dauzkate atxikita Txaden: L'Arche de Zoe elkarteko sei kideak, hiru kazetari frantziar, eta Kataluniako Ginerjet hegazkin enpresako zazpi langile. Hain zuzen ere, haurrak Txadetik Europara eramateko Ginerjeten hegazkin bat kontratatu zuten Arche de Zoe-ko kideek. Itxura batean, hiru kazetariak eta hegazkineko langileak aske geratuko lirateke.
Arche de Zoeren arabera, Darfurko gatazkaren ondorioz ehunka haur hil edo biziko egoeran daude Txadeko umezurztegietan, eta haien bizitzak salbatzea izan da beren ekintzaren xede bakarra. Egoera larria izanik konponbidea ere halakoa izan dela agertu dute.
Txadeko eta Sudango gobernuek, ordea, oso bestelako irakurketa egin dute, eta adingabekoen bahiketa eta haur trafikoan aritzea egotzi diete.
L'Arche de Zoek Europara ekarritako Darfurko haurrak hartzeko prest Euskal Herriko zenbait familia daude, zehazki, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko sei. Familia horiek dirua biltzen aritu dira ume horiek umezurztegietatik atera eta Euskal Herrira ekarri ahal izateko. Azken hilabeteetan hainbatetan eman dute jendaurrean beren asmoaren berri.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, gaitzetsi egin du L'Arche de Zoeren ekimena, eta "legearen kontrako eta onartezina" dela nabarmendu du. Idriss Debry Txadeko presidentearekin mintzatu da, eta gertatutakoa "deitoratu" du. L'Arche de Zoeri beren asmoa legez kanpokoa zela ohartarazi ziela agertu dute Frantziako Gobernuko iturriek, eta, halaber, iradoki dute eurek eman ziotela Txadeko Gobernuari elkarte horren asmoaren berri.
Mundua
Darfurko haurrak Europara eramaten saiatu diren sei lagun espetxeratzeko asmoa du Txadek
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak gaitzetsi egin du estatu horretako L'Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundearen ekintza. Elkarte horrek ziurtatu du ume horiek heriotzetik salbatzea dela beren ekimenaren xede bakarra. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko sei familia daude haur horiek hartu behar zituztenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu