Aurten Lurreko airearen batez besteko tenperatura zenbatekoa izan den jakin aurretik, Met Office Erresuma Batuko meteorologia eta klima zerbitzuak kalkulatu du datorren urtean batez besteko tenperaturak zenbaterainokoak izan daitezkeen. Eredu klimatikoetan oinarrituta, aurreikusi dute litekeena dela Lurreko airearen tenperatura anomalia 1,34 eta 1,58 gradu artekoa izatea. 1,46 gradukoa litzateke erdiko puntua, eta Met Office zerbitzukoek uste dute oso litekeena dela 1,4 graduren langa gainditzea.
Hala gertatzen bada, planetaren tenperatura anomaliak lau urtez jarraian izango da 1,4 gradu baino gehiagokoa —2023tik 2026ra—. Izan ere, 2025a oraindik amaitu ez bada ere, 1,4 graduren langa gainditu egingo da aurten; urtarriletik azarora bitarteko datuak kontuan hartuta, 1,48 graduren bueltan egongo da aurtengo tenperatura anomalia, Europako Batasuneko Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak argitaratutako datuen arabera. Urtarrilaren hasieran emango ditu 2025eko datu ofizialak bulego horrek.
Ikusi gehiago
Azken urteetako berotzea kezkagarria dela nabarmendu du Adam Scaifek, Met Office zerbitzuko zientzialariak, 2023aren aurretik inoiz ez baitzen gainditua 1,3 graduko anomalia. Tenperatura aldaketa horiek guztiak 1850etik 1900era bitarteko batez besteko tenperaturekin alderatuta kalkulatzen dituzte.
'El Niño'-rik gabe
Iazko urtea izan zen XIX. mendetik honako urterik beroena, aipatutako garaiko batezbestekoa baino 1,6 gradu beroagoak izan baitziren tenperaturak, eta badirudi 2027ra arte behintzat ez dela gaindituko datu hori. Izan ere, iaz El Niño fenomenoa izan zen hilabete batzuez, eta fenomeno hori gertatzean ohikoa izaten da Lurraren batez besteko tenperatura igotzea. Ozeano Barearen ekialdeko ekuatorean gertatzen diren fenomenoak dira El Niño eta La Niña: lehena fase beroa da, eta bigarrena, aldiz fase hotza. Hain azalera eta masa handia dutenez, eragina izan ohi dute mundu guztiko batez besteko tenperaturan.
Hilabeteotan, fenomeno horri dagokionez, egoera neutrala da, baina Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, abendutik otsailera bitarte %55eko aukera dago La Niña fenomeno hotza agertzeko. Horregatik eutsiko dio ziurrenik Lurrak aurten eta datorren urtean freskoago 2024an baino, El Niño fenomenoaren berotzerik ez delako izango. Hala ere, zientzialariek nabarmendu dute tenperaturak oso beroak direla berdin-berdin.