G20

Deklarazio komuna aurkeztu dute G20ko liderrek

Ukrainari buruzko desadostasunak alde batera utzita, erdibideko adostasunera iritsi dira munduko potentzia ekonomiko handienak. AB Afrikako Batasuna taldearen kide izango da gaurtik aurrera.

Argazkiaren erdian Narendra Modi Indiako lehen ministroa, G20ko goi bileran, gaur, New Delhin. INDIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 9a
17:14
Entzun

New Delhi topaleku duen G20ko bileraren atarian, atzo, munduko potentzia ekonomiko handienetako buruzagiek «ia prest» zuten deklarazioaren zirriborroa. Liderrek Ukrainako gerraz dituzten desadostasunek kolokan jarri zuten hori onartzea, baina, gaur, azkenean, argitu da paisaia: Indiako lehen ministro Narendra Modik jakinarazi du ados jarri direla G20ko liderrak, eta guztiek onartu dutela deklarazioa.

Denera, 83 paragrafo ditu dokumentuak. Amitabh Kant G20rako Indiako ordezkariak esan duenez, «herrialde guztiak erabat ados» agertu dira horrekin. Horraino iristeko negoziazioak, ordea, luzeak izan dira. Eztabaidatutako gaien artean izan dira klima larrialdia eta estatuen zorrak, baina Ukrainako gerrak eragin ditu estatu guztiak ados jartzeko zailtasun handienak.

Bai Europako herrialdeek, bai AEB Ameriketako Estatu Batuek gaitzetsi egin dute Errusiaren inbasioa gerra hasi zenetik. Hain justu, auzia ildo horretatik jorratu nahi zuten G20ko deklarazioan. Bestelako iritzia adierazi dute, ordea, Errusiak eta Txinak —nahiz eta ez Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa ez diren goi bileran izan—. Azkenean, bi iritzien arteko erdibideko zerbait idatzi dute deklarazioan. Xehetasun handirik eman, eta izenik aipatu gabe, zera berretsi dute: «Estatu guztiek uko egin behar diote, lurralde baten subiranotasunaren eta independentzia politikoaren aurka, lurralde hori indarraren bidez mendean hartzeari». Are, zehaztu dute «onartezina» dela arma nuklearren erabilera.

Zerealen ituna ere aipatu dute dokumentuan: «Eskerrak ematen dizkiegu Turkiari eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzari, Istanbulen sinatutako akordioengatik, eta itun horiek errespetatzeko eta indarrean jartzeko eskatzen dugu, posible izan dadin Errusiako eta Ukrainako zerealak, elikagaiak eta ongarriak berehala esportatzea». Ikusteko dago, ordea, Errusiak hori betetzen duen edo ez, zerealen ituna bertan behera utzi baitzuen uztailean.

Horiez gain, aipatzekoa da klima larrialdiari aurre egiteko adostutako «garapen berdearen ituna». G20koek konpromisoa hartu dute 2030erako munduko energia berriztagarrien ahalmena hirukoizteko. «Klima larrialdiari aurre egiteko dokumentu eraginkorrena da hau», esan du Kantek.

Afrikako Batasuna taldera gehitu da

Gaurtik aurrera, eserleku bat gehiago izango da G20koen goi bileretan. Taldeko kideek hala erabakita, AB Afrikako Batasuna G20ko kide izango da, behin betiko. Ongietorria emateko, New Delhin izan da ABko presidente Azali Assoumani, eta erabakia «historikotzat» jo du.

Horrek nabarmen hauspotu dezake Indiak iragarritako helburu nagusietako bat: munduko hegoaldearen posizioa indartzea eta G20 talde «inklusiboagoa» izatea. Afrikako 55 herrialdek osatzen dute AB, eta 2016tik eskatu dute G20ren parte izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.