Demokrazia ekintzekin defendatzera deitu dute munduko lider aurrerakoiek

Nazioarteko hainbat buruzagik 'Mobilizazio Global Progresista' izeneko goi bilera egin dute Bartzelonan. Lulak nabarmendu du «presidenteek, herrialdeek» ez dutela beste herrialdeei arauak ezartzeko eskubiderik.

Pedro Sanchez eta Luiz Inacio da Silva 'Lula' Bartzelonan, gaur. QUIQUE GARCIA / EFE
Pedro Sanchez eta Luiz Inacio da Silva 'Lula' Bartzelonan, gaur. QUIQUE GARCIA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 18a
19:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuin muturra hedatua dago munduan, eta horrek arriskuan jartzen ditu demokrazia eta giza eskubideak. Horiek horrela, demokrazia bera aldarrikatu dute gaur Bartzelonan munduko hainbat lider aurrerakoiek, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Mobilizazio Global Progresista izeneko goi bileraren anfitrioi gisa, hura ekintzekin defendatzera deitu du. 

Bilkuran parte hartu dute, besteak bestek, Brasilgo, Hegoafrikako, Mexikoko eta Kolonbiako presidenteek, munduaren luze-zabaleko alderdi sozialdemokratetako buruek, baita, besteak beste, arlo horretako erreferente batzuek ere; esaterako, Bernie Sanders AEBetako senatari demokratak, Zohran Mamdani New Yorkeko alkateak eta Michelle Bachelet Txileko presidente ohiak (2006-2010 eta 2014-2018). NBE Nazio batuen Erakundearen rola eta gaur egun munduan piztuta dauden gerrak ere izan dituzte hizpide, esaterako.

Sanchezek esan duenez, parte hartu duten guztiek bat egiten dute «sistema onena» dela demokrazia. Hori bai, ohartarazi du demokrazia ezin dela «ziurtzat» jo. «Egun ikusten dugu indarraren erabilera normalizatzen ari dela. Demokrazia barrutik husteko arriskua dago, eta ez da nahikoa eustearekin; proposatu egin behar dugu, erakutsi behar dugu demokrazia indartu egin daitekeela».

Horrekin lotuta, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak azpimarratu du «presidenteek, herrialdeek» ez dutela beste herrialdeei arauak ezartzeko eskubiderik. Eta Donald Trump AEBetako presidentearen izena aipatu gabe, zera esan du Lulak: «Ezin gara egunero esnatu, egunero lotara joan, munduari mehatxu egiten dion, gerrak deklaratzen dituen presidente baten mezu batekin». Orduan, uste du NBEren Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek bildu behar luketela —AEBek, Txinak, Errusiak, Frantziak eta Erresuma Batuak—, haren jarrera «aldarazteko».

Bide batez, Lulak salatu du NBE ezin dela «isilik» geratu «gertatzen ari dena» kontuan hartuta. «NBE tresna oso baliagarria da, ongi funtzionatuz gero». Eta horren harira, Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak proposatu du NBE bera erreformatzea, eta salatu du ez Afrikako —«1.400 milioi pertsonako kontinente bat»—, ez Latinoamerikako herrialderik ez egotea Segurtasun Kontseiluan. «Ordezkatuta egon beharko lukete, ahotsa eduki dezaten».

Burua, andre bat

NBEren idazkari nagusi Antonio Guterresen agintaldia aurtengo abenduaren 31n bukatuko da, eta Gabriel Boric Txileko presidente ohiak (2022-2026) eskatu du erakundearen hurrengo burua emakume bat izatea. Sanchezek ere gauza bera defendatu du.

Sandersek, berriz, Trump, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Vladimir Putin Errusiako presidentea egin ditu munduaren egoeraren erantzule. «Nazioarteko anarkia batean ari dira hondoratzen mundua», esan du, grabatutako mezu batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA