Dena nahi, eta ezer gabe geratzear

Bihar izango dira hauteskundeak Quebecen; inkesten arabera, gobernua galduko du PQ alderdi independentistak, eta PLQk irabaziKanpainan, hirugarren erreferendum subiranista izan da eztabaidagai nagusia

Miren Garate.
2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain hilabete eta erdi, legebiltzarra desegin eta hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenean, gobernua galtzea ez zegoen Pauline Marois lehen ministroaren aurreikuspenen artean. Haren alderdia, PQ Alderdi Quebectarra, gutxiengoan zegoen Asanblada Nazionalean, eta zailtasunak zituen erreforma batzuk onartzeko. Hordagoa bota zuen bozak aurreratu eta gehiengo oso hori lortzeko, baina inkesten arabera, arriskatze hori ederki ordainduko du: gehiengo osoa ez lortzeaz gain, PLQ Quebeceko Alderdi Liberalak aurre hartuko dio, dezenteko aldearekin.

Bihar izango dira hauteskundeak Quebecen. Le Journal de Montreal egunkariak egindako inkestaren arabera, botoen %38 lortuko ditu PLQk; %29 PQk; %23 CAQ Qebec Etorkizuna Alderdiak eta %9 QS Quebec Solidarioa ezkerreko alderdi independentistak. Bederatzi urte oposizioan egin ostean, 2012ko irailean iritsi zen boterera PQ.

Analista politikoen arabera, independentziari buruzko hirugarren kontsulta baterako aukerak irauli ditu boto asmoak. 1995ean egin zen azkena. Orduko hartan, herritarrei galdetu zitzaien ea nahi zuten Quebec estatu bihurtzea, Kanadari elkarte ekonomiko eta politiko berri bat sortzeko eskaintza formala egin ostean. 55.000 botoren aldea soilik egon zen; %50,58k erantzun zuten ezetz, eta %49,42k baietz. Beste galdeketa bat egiteko asmoa nahiko isilpean egon da azken urteotan, eta PQko hautagaiak ere gaiari buruz hitz egitea saihestu du kanpainan. Alabaina, aitortu du hauteskundeak irabaziz gero batzorde bat eratuko duela quebectarrek herri galdeketarik nahi duten edo ez aztertzeko.

Maroisek gaia isilpean gorde nahi izan badu ere, Pierre Karl Peladeauk, PQren Saint Jerome barrutiko hautagaiak argi eta garbi egin du independentziaren alde, «Quebec herrialde bihurtu» nahi duela esanez. Quebeceko komunikabide talde handienaren jabea da Peladeau. PQk hautagai izar moduan aurkeztu zuen, batik bat arlo ekonomikoan egin zezakeen ekarpenagatik. Zenbait analista politikoren esanetan, ordea, haren adierazpenek bultzatu dute alderdiaren gainbehera.

Kanpaina bukaeran, Marois saiatu da independentziari buruzko eztabaida urruntzen eta herritarrak konbentzitzen. Besteak beste, esan du ez dela herri galdeketarik izango quebectarrak hartarako prestatuta ez dauden arte, eta gaineratu du biharko bozetan hautatu beharrekoa «gobernua» dela, eta ez Quebecen independentzia.

Bien bitartean, balizko galdeketa horrekin beldurra eragiten saiatu da Philippe Couillard PLQko hautagaia. Harenak dira honako esan hauek: «Maroisen eta PQren aldeko boto bakoitza galdeketa berri baten aldeko boto bat da», edo «Maroisi boto ematea Quebec zatitzea da».

Inkesten arabera, hiru herritarretik birentzat galdeketak ez du lehentasunik. Kanadatik bereizteko aukerak batik bat ingeles hiztunei eta atzerritarrei (%20) eragiten die mesfidantza. Frantsez hiztunen artean, berriz, %80ko babesa du Maroisek.Quebec independentearen egoera ekonomikoak kezkatzen ditu gehienbat herritarrak. Gaur egun, 175.000 milioi dolar inguruko zorra du herrialdeak. Independentzia lortuz gero, Kanadako dolarra mantenduko lukeela esan izan du azken lehen ministroak.

Bostetik batek bozkatu du

Herri galdeketaz gain, Balioen Karta delakoa izan da kanpainako gai nagusietako bat. Irailean aurkeztutako testu horren helburua da laikotasuna bultzatzea. Besteak beste, PQk debekatu egin nahi die langile publikoei ikur erlijiosoak eramatea soinean, esaterako gurutzeak edo hijabak. Polemika handia eragin du neurriak, eta giza eskubideen aldeko taldeek eta oposizioko alderdiek tolerantzia falta eta xenofobia bultzatzea ere leporatu diote alderdiari. Hala, atzera egin zuen PQk egitasmoarekin, baina hauteskundeekin batera, berriro heldu dio gaiari.

Laikotasunaren bultzada horri esker, kanpaina hasieran, Maroisen ospeak nabarmen egin zuen gora, batik bat landa eremuetan. Horrez gain, alderdien finantzaketari eta ustelkeriari buruz elkarri egindako mespretxuek markatu dituzte bozen aurreko asteak. Esan da inoiz izandako kanpainarik «zikinena» izan dela aurtengoa, egindako iseken eta erabilitako tonuagatik.

Botoa emateko eskubidea duten bost herritarretik batek dagoeneko egin du, martxoaren 30ean eta 31n botoa aurretik emateko lekuak zabalik izan baitira. Azken hauteskundeetan, ia hiru puntu txikiagoa izan zen aurrez botoa eman zutenen kopurua.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA