Die Linkek Alemaniako lander batean gobernatuko du lehenbiziko aldiz

Turingian koalizio ituna sinatu du ezkerreko alderdiak sozialdemokratekin eta Berdeekin.Gaur bozkatuko dute Ramelow presidente izan dadin

Bodo Ramelow Die Linkeko buruzagia, Germana Alberti von Hofe emaztearekin. MARTIN SCHUTT / EFE.
Samara Velte.
2014ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Koalizio «gorri-gorri-berde» batek gobernatuko du datozen urteotan Turingia, Alemaniako estatu federatua. SPD Alderdi Sozialdemokratak, Berdeek eta Die Linke ezkerreko alderdiak lehenbiziko aldiz egin dute koalizio ituna Alemaniako lander batean agintzeko; eta, okerrik ezean, lehenbiziko aldiz Die Linkeko ordezkari bat izango da estatu federatu horretako presidentea: Bodo Ramelow. CDU, Alemania batu zenetik lander horretan agintean egon den alderdia, oposiziora doa.

Gaur egingo dute lehendakaria aukeratzeko bozketa: botoa sekretua da, eta hautagaiak, irabazteko, aski du gehiengo soilarekin. Akordioa sinatu duten alderdietako diputatu guztiek Ramelow babesten badute, zentro-ezkerreko hautagaia boto bakarrarengatik gailenduko zaio oposizioari. Izan ere, hirukoak 46 ordezkari ditu parlamentuan; CDU Batasun Kristaudemokratak eta AfD Alemaniarentzako Alternatibak, batuz gero, 45. Hiru alderdietako zuzendaritzak ziur agertu dira Ramelow lehen itzulian aukeratuko dutela presidente.

Harridura ez ezik, muturreko erreakzioak ere eragin ditu hiruko gobernu akordioak Alemania osoan, batez ere eskuineko jarraitzaileen artean: Erfurt hirian manifestazioa egin dute koalizioaren aurka. Ekialdeko komunismoaren estigmak ukituta, alderdi periferikoa izan ohi da Die Linke. Mendebaldeko estatu federatuetan eta Berlinen bizkarra eman ohi diote; eskualde mailatik harago, sozialdemokratek ere ez dute hartaz ezer jakin nahi izan koalizioak osatzeko orduan, eta horrek nabarmen zaildu dio instituzio politikoetan egonkortzea. Azken urteotan, ordea, agintearen alternatiba bihurtu da boteregune askotan.

Hegemonia pitzatua

Turingiako egoerak Berlinen ere eragin du ikara. Izan ere, han CDUk eta SPDk elkarrekin gobernatzen dute, koalizio handian. «CDU galtzaile txarra izaten ari da», esan du Thomas Oppermann SPDren talde parlamentarioko buruak, eta AfDren botoak onartzeko prest egotea leporatu dio, bere hautagaia presidentetzara eramatearren.

Printzipioz, ez dirudi eskuineko bi alderdiek, CDUk eta AfD euroeszeptikoak, bat egingo dutenik Turingian. Elkartzeko ideia ez da bietariko inorentzat erakargarria: CDUren irudi moderatuari kalte egingo lioke alderdi xenofoboak; eta AfDk aski boto lortzen ditu Berlinen agintzen dutenen aurkako diskurtso populistarekin.

Orain arte adierazi dutenez, CDUko zuzendaritzak Ramelowen aurkako hautagairik ez aurkeztea erabaki du, Angela Merkel kantzilerraren aholkuari kasu eginda: «Horrek besteak gehiago batu besterik ez du egingo».

CDUren gobernuak esan du «ikuskizun negargarria» dela Turingiakoa. Alemaniako alderdi nagusia dela sinetsita dago Batasun Kristaudemokrata; Berlinen distira egiten du Merkelen kabineteak, baina landerretan gero eta babes gutxiago dauka.

Berdeek jada aurrea hartu diote kristaudemokratei gobernu koalizio kopurutan: alderdi txikia izanagatik, zortzi landerretako kabineteetan daude; CDU, orain, zazpitan baino ez. Eta, Ramelow hautatzen dutenean, lautan baino ez da izango presidentea CDUkoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA