Cockroach Janta Party Indiako gazte mugimenduak ataka estuan jarri du azken asteotan Narendra Modi lehen ministroaren gobernua, eta, azkenerako, lortu du bere eskakizun nagusia: Dharmendra Pradhan Hezkuntza ministroak dimisioa ematea, Medikuntzako gradua ikasteko azterketetan izandako filtrazioen auzia dela eta. Sare sozialetan gaur kaleratutako ohar batean, jakinarazi du kargua uzteko gutuna eman diola Modiri, eta azaldu du herrialdearen luze-zabalean hedatu diren protestak direla-eta hartu duela dimititzeko erabakia: «Nazioaren aurkako indarrek ez diezaioten probetxurik atera egoera honi, nazioak bat eginda jarrai dezan, Indiako ikasleek ez dezaten konplikazio legalik eduki, eta ikasketetan-eta zentratu daitezen».
Hamabi urte dira lehen ministroaren Bharatiya Janata alderdia agintean dela, eta, bi hilabete eskas iraun duten mobilizazioen ostean, lehenbiziko aldia da ministro batek dimisioa eman duena herritarrek hala eskatuta. «Sakon errespetatzen ditut herrialdeko gazteen nahiak, sentimenduak eta espektatiba legitimoak», idatzi du Hezkuntza ministroak.
Zenbait astez, gobernuak ez die jaramonik egin gazteei, harik eta aste honetan biltzen hasi diren arte. Gazte mugimenduaren eta gobernuaren ordezkariak atzo bildu ziren, eta protestariek gaur arteko epea eman zioten kargugabetzearen gaineko erabakiren bat hartzeko. Tarte horretan heldu da Pradhanen gutuna, eta Saurav Dasek, Cockroach Janta Partyko bozeramaileetako batek, jakinarazi du gobernuak mugimenduaren eskakizun guztiak onartu dituela Hezkuntza ministroaren dimisioaz gain: batetik, hamar milioi errupiako —91.000 euro— konpentsazioa azterketen filtrazioen ondorioz bere buruaz beste egin zuten ikasleen familientzat —mugimenduaren arabera hogei bat hil dira—; eta, bestetik, protestetan parte hartu dutenen kontrako jazarpen judiziala deuseztatzea. Gaur arratsaldean emandako prentsaurreko batean, protestak bertan behera uzteko eskatu du bozeramaileak.
Are, joan den ostegunean, Modik iragarri zuen azterketen filtrazioetan parte hartu zutenen kontrako epaiketa azkarrak egingo zituztela, «zigor handiak» ezartzeko. Horrez gain, adierazi zuen filtrazioen kontrako lege gogorrago bat onartuko zutela, eta azterketen sistema ere moldatuko zutela.
Iseka bereganatua
Abhijeet Dipke ekintzaileak sortu zuen Cockroach Janta Party, maiatzean, sare sozialetan. Surya Kant Indiako Auzitegi Goreneko buruak egindako adierazpen batzuk baliatu zituen horretarako, «labezomorro» deitu baitzien langabezian zeuden gazteei —hain zuzen, ingelesezko cockroach hitzak labezomorro esan nahi du; gazteak, hitza bere egin, eta ezizen moduan erabiltzen hasi dira—. Duela hilabete pasatxo, Dipkek BBC hedabideari adierazi zion «txantxa gisa» sortu zuela labezomorroen mugimendua.
Gazteak ekainaren hasierarako hasi ziren elkarretaratzen New Delhiko Jantar Mantar behatokiaren bueltan, eta hilaren 20an ekin zioten mugarik gabeko eserialdiari.Â
26Zenbat egunetako gose greba egin duen Wangchuk ekintzaileak. Indiako Hezkuntza ministroaren kontrako protestek are zeresan handiagoa lortu zuten ekainaren amaiera aldera, Sonam Wangchuk ekintzaileak gose greba hasi eta gero. Guztira 26 egun egin ditu gose greban, eta 11 kilogramo galdu ditu. Hogeigarren egunean, New Delhiko Poliziak indarrez ospitaleratu zuen ekintzailea, baina gose grebarekin jarraitu zuen atzo arte. Atzo, Cockroach Janta Party mugimenduaren sortzaileak sare sozialetan jakinarazi zuen Wangchukek gose greba utzi zuela.
Eserialdia hasi eta hilabetera, joan den astelehenean, dozenaka mila lagunek martxa bat antolatu zuten Indiako Parlamenturaino. New Delhiko Poliziak abisatu zien ez zutela horretarako baimenik eskatu, eta indarkeriaz eraso zien martxan parte hartzen saiatu zirenei. Negar gasa erabili zuten, eta dozenaka lagun zauritu. Horren ondoren, gazteei elkartasuna adierazteko protestak antolatu zituzten Indiako hainbat hirian; are, Cockroach Janta Partyk mobilizazio baketsuak egiteko deia zabaldu zuen atzoko herrialdearen luze-zabalean, Barruti guztiak, egun bat, eskakizun bat lelopean.Â